Mundua -

ATENTATUAK PARISEN

3 taldetan zeuden banatuta terroristak, eta horietako 7 hil egin dira

Bestalde, Belgikako Poliziak hiru pertsona atxilotu ditu atentatuekin zerikusia dutelakoan.

Elkarren berri zuten hiru taldek egin zituzten erasoak

1:53

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Francois Molins Frantziako Fiskal Nagusiak gaur arratsaldean eman duen prentsaurrekoan esan duenez, elkarren berri zuten 3 taldek egin zituzten atzoko Pariseko atentatuak.

Berak adierazitakoaren arabera, erasoetan zazpi terrorista hil ziren. Guztiek zeramatzaten lehergai mota berak eta detonagailuak gerrialdean, eta eskuetan, Kalashnikov fusilak.

Fiskalak, Parisen gertatu ziren 6 erasoak deskribatu ditu, banan bana. Bataclan klubean 89 lagun hil zituztela baieztatu du, baita erasotzaileek Siria eta Irakeko gerren aipamena egin zituztela oihuka ere.

Hango erasotzaileetako baten nortasuna jakitea lortu dute hatz-markak aztertu eta gero: 1985ean jaioa Parisetik hegoaldera dagoen Courcourones herrian. Delituak egin izanagatik 8 aldiz epaitua izan zen, baina inoiz kartzelara joan gabe zegoen. Beste erasotzaileetako batek pasaporte siriarra zeraman, baina Polizia frantsesak fitxatu gabe zeukan.

Frantziako Poliziak emandako datuen arabera, Bataclaneko erasoaren egileak lau izan ziren. Horietako hiru gerrian zeramatzaten lehergaiak eztandarazita hil ziren, eta bestea, Poliziak tirokatuta.

Oraindik miaketak egiten ari direla Bruselan, hango ikertzaileekin batera. Hiru lagun atxilotu dituzte han. Euretako batek, erasoetan erabili duten Volkswagen Polo autoa alokatu zuen nonbait (Seat Leon beltz bat ere erabili zuten).

Atxiloketak Belgikan

Koen Geens Belgikako Justizia ministroak baieztatu du "zenbait" lagun atxilotu dituztela Bruselan, Parisko atentatuekin lotura dutelakoan. Atxilotutakoak hiru pertsona dira.

Horren esanetan, hainbat lekukok Belgikako matrikula duen auto bat ikusi dute Bataclan dantzalekuan.

"Segur aski Belgikan alokatutako auto bat da", zehaztu du, eta ibilgailua topatzeko eta nork alokatu zuen argitzeko lanean daudela gaineratu du.

Oraindik ez dago argi zehazki zenbat pertsona atzeman dituzten, baina, bertako hedabideen arabera, hiruzpalau dira.

Stade de France zelaian sartzen saiatu ziren

Pariseko atentatuen egileetako bat Stade de France futbol-zelaian sartzen saiatu zen soinean zeraman leherkaria leherrarazi eta jendearen artean izua zabaltzeko asmoz. Hala zabaldu dute zelaiko segurtasun-iturriek eta informazioa hori Poliziak baieztatu egin du.

Zelaiko segurtasunak terroristaren txalekoa ikusi zuten, Frantzia eta Alemaniaren arteko lagunarteko partidara sartu baino lehenago erregistratu zutenean.

Horren aurrean, terroristak ihes egiten ahalegindu zen, eta zeraman lehergailua eztandarazi zuen 81.000 lagun hartzeko ahalmena duen estadiora sartzeko tuneletako batean.

Frantziak Espainiako Poliziari laguntza eskatu dio auto bat aurkitzeko

Frantziako Poliziak laguntza eskatu dio Espainiakoari, ibilgailu susmagarri bat aurkitzeko. Autoa ostiraleko 21:30ak aldera ikusi zuten, atentatuak gertatu ziren inguruan.

Susmoak dituzten autoa beltza da, Seat Leon markakoa eta GUT1805 matrikula dauka.

Frantziako Segurtasun Indarrak ikertzen dabiltza zenbat terroristak parte hartu zuen atzoko erasoetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Paris azken albisteak Frantzia Atentatuak François Hollande albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak