Mundua -

Egipton eroritako hegazkina

Hegazkina bonba batekin eraitsi zuela esan du Estatu Islamikoak

Erakunde terroristak ustezko bonbaren argazki bat publikatu du.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatu Islamikoak esan du bonba txiki batek eraitsi zuela urriaren 31n 224 pertsona zeramatzala Egipton erori zen hegazkin errusiarra.

Erakunde terroristak ustezko lehergailuaren argazki bat ere publikatu du, Dabiq bere aldizkari propagandistikoan. Bertan ikus daitekeenez, freskagarri lata bat erabili zuen bonba egiteko.

Halaber, hegazkinean zihoazen hainbat pertsonaren nortasun agiriak ere publikatu dituzte. Jihadistek atzeman ei zituzten, Egiptoko Segurtasun Indarrak istripuaren lekura heldu baino lehen.

"Xarm el-Xeikh aireportuko segurtasun neurriak saihesteko modua aurkitu ostean, eta AEBk Estatu Islamikoaren aurka zuzendutako koalizioaren hegazkin bat eraistea erabaki eta gero, helburua aldatu egin genuen, Errusiako hegazkin baten kontra egiteko", azaldu du Estatu Islamikoak.

Erakunde jihadistaren esanetan, irailaren 30ean Errusiak Baxar al-Asaden gobernuari babesa eman eta gero erabaki zuten hegazkin errusiar bati erasotzea, Errusiak Sirian bonbardaketak egiten hastea erabaki baitzuen.

Jihadistek, baina, ez dute zehaztu nola lortu zuten bonba hegazkinean sartzea, ezta nondik zartarazi zuten.

Errusiak atzo bertan aitortu zuen hegazkina bonba baten ondorioz erori zela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Errusia Atentatuak Estatu Islamikoa Jihadismoa albisteak Albisteak