Mundua -

Presidenterako Hauteskundeak

Rebelo de Sousa eta Costa elkarrekin arituko dira lanean Portugalen

Hautagai kontserbadorea presidente aukeratu dute abstentzio handiko hauteskundeetan (% 51). “Portugal berregiteko ordua da”, azpimarratu du Rebelo de Sousak bere aurreneko hitzaldian.

Marcelo Rebelo de Sousa zentro eskuineko hautagaia presidente aukeratu dute Portugalen. EFE
Marcelo Rebelo de Sousa zentro eskuineko hautagaia presidente aukeratu dute Portugalen. EFE
Rebelo de Sousa, Portugaleko presidente berria

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Marcelo Rebelo de Sousa zentro-eskuineko hautagaia aukeratu dute presidente Portugalen, eta Antonio Costa lehen ministro sozialistarekin batera aritu beharko du. Presidenterako hauteskundeetan abstentzioa handia (% 51) izan da eta hautagai kopuruak errekorra hautsi du.

67 urteko Rebelo de Sousak gehiengo absolutua lortu du atzoko hauteskundeetan, botoen % 52 eskuratuta. Ondorioz, ez dio bigarren itzuli bati aurre egin beharko. Antonio Sampaio da Novoa Lisboako Unibertsitateko errektore ohiak bozen % 23 soilik lortu ditu.

“Krisiak areagotu dituen bidegabekeriak zuzendu behar ditugu. (…) Portugal berregiteko ordua da”, azpimarratu du Rebelo de Sousak bere aurreneko hitzaldian, hauteskundeak irabazi ondoren, erreskate eta murrizketen garaia (2011-2014) gogora ekarrita.

Estatuburu hautetsiak martxoan ordezkatuko du Anibal Cavaco Silva (2006-2016) kontserbadorea. Gobernu sozialistarekin hitz egin eta adostasunak bilatzeko borondate argia azaldu du Rebelo de Sousak hauteskundeen emaitzen berri jaso ostean egindako lehen adierazpenetan. Costaren Exekutiboa ezkerreko itun bati esker dago boterean.

Portugalgo presidenteak ez du botere legegilerik, baina bai legeei betoa jartzeko, gobernua osatzeko alderdiei deitzeko, hauteskundeak deitzeko eta Parlamentua desegiteko eskumenak.

Tertuliakidea telebistan

Rebelo de Sousa Alderdi Sozial Demokrataren (PSD) presidente ohia eta sortzailea da, eta bere moderazioaz, hitz-jarioaz eta ospeaz (telebistako tertuliakidea urteetan) baliatu da ezkerreko boto-emaileak bereganatzeko.

Antonio Costa lehen ministroaren alderdiak ez du ofizialki hautagairik babestu, eta hauteskundeen emaitzen berri jasotakoan, Rebelo de Sousa zoriondu du eta “leialtasuna eta lankidetza” agindu dizkio.

Rebelo de Sousa katolikoa eta europeista da. Pedro Passos Coelho oposizioko buruzagiak hautagai kontserbadorearen garaipena ospatu du. Passos Coelhoren hitzetan, Rebelo de Sousak “nagusitasunez” irabazi du, lehen itzulian egin baitu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Albisteak