Mundua -

Wikileaks

NBEk Assange ez atxilotzeko eskatu die Erresuma Batuari eta Suediari

Ekuadorreko enbaxadaren balkoian egindako agerraldian, NBEren ebazpena betetzeko eskatu die Assangek Erresuma Batuari eta Suediari.

Julian Assange WikiLeaksen fundatzailea. Argazkia: Efe
Julian Assange WikiLeaksen fundatzailea.
NBEri kasu egin eta aske utz dezatela eskatu du Julian Assangek

1:38

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazio Batuen Erakundeko Atxiloketa Arbitrarioen lantaldeak Julian Assange WikiLeaksen fundatzailea atxilotzeko agindua bertan behera uzteko eskatu die Suediari eta Erresuma Batuari, eta kalte-ordaina jasotzeko eskubidea aitortzeko, atxiloketa arbitrarioa izan zelako.

Era berean, talde hori osatzen duten adituek Assangeren "mugimendu askatasuna eta osotasun fisikoa errespetatzeko" eskatu dute.

"Atxiloketa Arbitrarioen lantaldearen iritziak lotesleak dira juridikoki", nahitaez betebeharrekoak diren "giza eskubideen nazioarteko arauetan oinarrituak diren heinean", argitu dute adituek.

Suediaren eta Erresuma Batuaren erantzuna

Erresuma Batuak uste du NBEren iritziak ez duela ezer aldatzen, eta hala adierazi berri du bertako Atzerri Ministerioak.

"Honek ez du ezer aldatzen. Guztiz errefusatzen dugu Julian Assange atxiloketa arbitrario baten biktima dela dioen edozer", adierazi du bozeramaile batek. "Erresuma Batuak argi esan dio NBEri formalki erantzungo diogula aditu lantaldeari", gaineratu du.

Erresuma Batuaren ordezkariak gogorarazi du "bortxaketa salaketa bat eta atxilotzeko euroagindua" daudela tartean eta, beraz, Erresuma Batuak "Suediara estraditatzeko betebeharra" duela.

Bestalde, Suediako Gobernuak prentsa-ohar batean azaldu du ez dutela Assangek Ekuadorren enbaxadan geratzeko "erabakiaren gaineko inolako kontrolik", eta "libre" dela enbaxada "nahi duenean uzteko".

Era berean, berretsi du ez dagoela beste herrialde batera estraditatzeko arriskurik, orain arte horretarako eskaerarik ez baitute jaso.

Julian Assange EFE

(Julian Assange Ekuadorreko enbaxadaren balkoian. Argazkia: EFE)

Assange: "Garaipen historikoa da"

Bestalde, Julian Assangek Nazio Batuen Erakundearen ebazpena betetzeko eskatu die Erresuma Batuari eta Suediari, eta NBEren erabakia "garaipen historikotzat" jo du.

Ekuadorreko enbaxadaren balkoitik egindako agerraldian, ebazpena "loteslea" dela azpimarratu du eta, ondorioz, Gobernu britainiarrak eta suediarrak betetzera derrigortuta daudela esan du.

"Erabaki historikoa da niretzat, nire familiarentzat eta nire seme-alabentzat", adierazi du pozik informatikari australiarrak.

Horrez gain, Erresuma Batuko Gobernuaren jarrera kritikatu du, NBEren ebazpenaren aurka agertu delako orain. "Hamabost eguneko epea izan zuten errekurtsoa aurkezteko eta ez zuten egin", gogoratu du.

Era berean, Erresuma Batua eta Suedia Nazio Batuen Erakundeko kideak direla eta, beraz, bertan erabakitakoa bete egin behar dutela nabarmendu du.

Hiru urte isolatuta

2014an bere kasua Nazio Batuen Erakundera eraman zuen Wikileakseko sortzaileak, haren atxiloketa arbitrarioa izango dela salatuta. Erresuma Batuak kazetaria atxilotzeko eta Suediaren esku uzteko agindua du.

Hain zuzen, Assangek atzo adierazi zuen Ekuadorreko enbaxadatik atera eta Erresuma Batuko agintarien esku utziko zuela bere burua, Nazio Batuen Erakundeak bere aurkako epaia emanez gero Suedia eta Erresuma Batuko gobernuen kontra duen auzian.

"Nazio Batuen Erakundeak Erresuma Batuaren eta Suediaren aurka daukadan auzia galdu dudala iragartzen badu bihar, asteazken eguerdian aterako naiz Ekuadorreko enbaxadatik, eta Polizia britainiarrak neu atxilotzea onartuko dut, ez baitago apelazio gehiago egiterik", adierazi zuen komunikatu baten bitartez.

"Aitzitik, estatuetako aktoreek legez kanpo jardun dutela erabakitzen bada, nire pasaportea berehala bueltatzea espero dut, baita ni atxilotzeko balizko beste saiakeraren bat bertan behera geratzea ere", azpimarratu zuen.

Assange 2012ko ekainaren 19tik dago babestuta Ekuadorreko Gobernuak Londresen duen enbaxadan; herrialde horri asilo politikoa eskatu zionetik, hain zuzen ere. Ekuadorrek asilo eman zion arren, Erresuma Batuak ibiltzeko baimena emateari uko egin zion, Suediara estraditatzeko "obligazio legala" zuela argudiatuta.

2010ean, lau sexu-indarkeria salaketa egotzi zizkioten Wikileaksen sortzaileari Suedian; horietako hiru iraungi egin dira, baina oraindik indarrean dago kargurik larriena, ustezko bortxaketa batena, eta 2020. urtera arte ez da bertan behera geratuko.

Assangek "babesgabetasun-egoeran" dagoela argudiatu zuen asilo politikoa eskatzeko. Haren aburuz, behin Suedian, Ameriketako Estatu Batuetara eramateko arriskua baitago (bertan, ustez, epaiketa sekretu bat ari dira egiten, bere jatorrizko herrialde Australiak eragozten ez duena).

Bere aburuz, AEBen "jazarpen politiko" baten biktima da, herrialde hartako Estatu Departamentuaren ehunka mila dokumentu argitara eraman baitzituen Irakeko eta Afganistaneko gerrei buruz.

Erresuma Batuko Poliziak ostegun honetan jakitera eman duenez, Assange atxilotuko du hark Ekuadorreko enbaxada uzten badu.

"Atxilotzeko aginduak bere horretan darrai", gogoratu du Scotland Yardeko eledun batek. Hark baztertu egin du Poliziaren inolako asmo aldaketarik, nahiz eta denbora asko igaro den.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken ordukoa Suedia gaur