Mundua -

Frantzia

Sarkozy inputatu egin dute 2012ko kanpainan egindako finantzaketagatik

Presidente ohiak 'Bygmalion' auziaren harira deklaratu du; Bygmalion 1,5 bat milioiren truke egiaztagiriak egin zituen enpresa baten izena da.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohia eta oposizioko burua inputatu egin dute astearte honetan 2012an hauteskunde-kanpainan finantzaketa ilegala egitea leporatuta; kanpainan legeak ezartzen duen gehienezko gastua ere gainditu zuen.

12 bat orduz deklaratzen egon ostean, politikaria, halaber, "lekuko laguntzaile" ere definitu dute, hain zuzen, inputatuaren eta lekukoaren artekoa, iruzurra egitea, faltsutzea eta gehiegikeria egitea leporatuta.

Kontzeptu juridiko horrek esanahi du, Sarkozyren aurkako froga nahikorik egon ez arren, deklaratzera dei dezaketela auzipetu edo ez erabakitzeko.

Thierry Herzog defentsa abokatuak adierazi du helegitea aurkeztuko dutela, baina pozik agertu da Sarkozyren kontrako kargurik ez dagoelako eta, beraz, haren izena auzi honekin zikindu ez dela iritzita.

Hala ere, Sarkozyren helburua UMPren baitako primarioak irabaztea da, datorren urtean hauteskundeak irabazi eta boterera itzultzeko asmoz, eta, beraz, argi dago auzi honek kalte egin diezaiokeela. Gainera, 2014ko uztailean influentzia-trafikoagatik eta sekretu profesionala urratu zen kasu bategatik haren kontrako beste ikerketa bat abiatu zuten.

Presidente ohiak 'Bygmalion' auziaren harira deklaratu du; Bygmalion 1,5 bat milioiren truke egiaztagiriak egin zituen enpresa baten izena da. UMPk gastuak bere gain hartzeko egin zituzten egiaztagiriak, baina kanpainari zegozkion gastuak ziren.

Epaileek argitu beharko dute orain faktura irregular horiek egiten parte hartu zuen edo ez.

Epaileek uste dute kanpainaren arduradunek iruzurra egiteko sistema bat asmatu zutela, hauteskunde legeak ahalbidetutako gehienezko 22,5 milioi euroko gastua gainditu ahal izateko. Zenbateko horretatik gorakoa UMP alderdiaren kontuan zorduntzen zuten sistema hori erabilita.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Frantzia bideoak Eguneko albisteak