Mundua -

POlizia operazioak zabalik

Lehergailu bat eta gai kimikoak topatu dituzte miaketa batean Bruselan

Gainera, hainbat miaketa egiten ari dira "herrialdeko zenbait lekutan" eta Polizia galdeketak egiten ari da, Fiskaltzaren arabera, baina ez dute zehaztasun gehiagorik eman nahi izan.

Belgikako Poliziaren bi polizia operazio, martxan. Argazkia: EiTB
Belgikako Poliziaren bi polizia operazio, martxan. Argazkia: EiTB
Belgikako Poliziaren bi polizia operazio, martxan. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Poliziak lehergailu bat eta gai kimikoak topatu ditu Schaerbeek auzoan egindako miaketa batean, Bruselako atentatuen ostean abiatutako operatibo bereziaren baitan, esan du Fiskaltza federalak.

Miaketetan, segurtasun indarrek Estatu Islamikoaren bandera bat ere topatu dute.

Gainera, Fiskaltzak zehaztu egin du hainbat osagai aurkitu dituztela lehergailuari erantsita, esaterako, iltzeak.

Era berean, hainbat miaketa egiten ari dira "herrialdeko zenbait lekutan" eta Polizia galdeketak egiten ari da, Fiskaltzaren arabera, baina ez dute zehaztasun gehiagorik eman nahi izan.

Martxan dauden miaketen berri, eta zehaztasunik, ez emateko eskatu die Poliziak hedabideei, ikerketa kolokan jar bailezakete.

Terrorismoaren aurkako operatiboak martxan jarraitzen du, Brusela-Zaventem aireportuaren eta hiriburuko metro geltoki baten aurka egindako atentatuen nondik norakoak argitzeko asmoz.

Izan ere, agintariek hiru susmagarri identifikatu ditu, aireportuan egindako atentatuen egileak izan litezkeelakoan eta, zenbait hedabidek gaineratu dutenez, hirugarren lehergailu bat aurkitu omen dute bertan, eztanda egin ez duena.

Fiskaltzaren ustean, susmagarrietako bi hil egin dira erasoan, bi eztanda eragin dutenean, eta hirugarrenak ihes egin du. Poliziak hirugarren horren argazkia -segurtasun kamerek hartutakoa- ezagutarazi du, herritarren laguntza eskatzeko, identifikatzeko lanetan.

Europako erakundeen hainbat eraikin jendez hustu dituzte Bruselan

Maelbeekeko metro geltokitik gertu dauden Europako erakundeen hainbat eraikin jendez hustu dituzte gaur arratsaldeko lehen orduan.

Europako Batzordearen eta Europako Kontseiluaren egoitzak hustu egin dituzte eta baita Lex eraikina ere, Maelbeekeko geltokitik metro gutxira dagoena. Polizia iturriek azaldu dutenez, "prebentzio arrazoiengatik" ebakuatu dituzte eraikinak.

Belgikak gorenera igo du alerta maila, gaur izandako atentatuen ostean

Belgikak gorenera igo du alerta maila atentatu arriskuagatik, leherketak izan eta gero, Belgikako Barne Ministerioak jakitera eman duenez. Leherketa horien ondorioz, dozenaka lagun hil dira eta hainbat zauritu dira, RTL katearen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Bruselaseko albisteak gaur Belgika bideoak Eguneko albisteak