Mundua -

Sri Lanka

Aita batek duela 12 urteko tsunamian galdutako alaba idoro du

Aitak dagoeneko galduta zeukan esperantza, baina urtarrilean alabari buruzko informazioa jaso zuen, eta Justiziaren aurrean aitatasun-eskubideak erreklamatzea erabaki zuen.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sri Lankako auzitegi batek aita bati 14 urteko bere alabaren zaintza aitortu dio. Alaba galduta egon da 2004an Indonesiako Sumatra uhartearen aurrean izandako 9,1 graduko lurrikararen eraginez sortu zen tsunamiak Sri Lanka kolpatu zuenetik. Tsunami horren ondorioz 30.000 pertsona hil ziren.

Herrialdearen ekialdean dagoen Kalmunai hiriko epaileak gizonaren (M. Mowlana) aldeko epaia eman du, nahiz eta neskatoaren zaintzaren lehian beste bi emakume ere ari ziren. Hala plazaratu du gaur Daily Mirror tokiko erakundeak.

Mowlanaren esanetan, 2004ko abenduaren 26ko olatu erraldoiak eraman zuen herrestan bere alaba, hondartzatik kilometro eskasera zegoenean.

Gertakaria jazo eta handik egun gutxira norbaitek bere alaba ospitale batetik eraman zuela jakin zuenetik haren bila ibili da aurkitzerik lortu gabe.

Aitak dagoeneko galduta zeukan esperantza, baina urtarrilean alabari buruzko informazioa jaso zuen, eta, horren gainean ikertu eta gero, Justiziaren aurrean aitatasun-eskubideak erreklamatzea erabaki zuen.

2004ko tsunamiaren poderioz, 226.408 lagun hil ziren Indiako ozeanoko 12 herrialdetan zehar. Gehienak Indonesian (126.915 hildako eta 37.063 desagertu), Sri Lanka (31.000 hildako baino gehiago) eta India (11.000 hildako).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albiste arraroak Munduko albisteak 2024 Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Indonesiako albisteak Tsunamiak gaur Gurasoak