Mundua -

Sutea Madeiran

Euskal herritar bat, Madeiran: 'Sua etxeetara heltzen ari da'

Iratxe Martinez bilbotarrak azaldu duenez, Funchal "guztiz kolapsatuta" dago eta egoera "okerrera egiten ari da".

Suhiltzaile bat, Funchalen suaren aurka borroka egiten. EFE
Suhiltzaile bat, Funchalen suaren aurka borroka egiten. EFE
Suhiltzaile bat, Funchalen suaren aurka borroka egiten. EFE

David Perez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru pertsona hil dira, 300 zauritu eta milaka ebakuatu egin behar izan dituzte Funchal herrian (Madeira, Portugal) piztutako sute handiaren ondorioz, Miguel Albuquerque eskualde horretako presidenteak baieztatu duenez.

Sua oso azkar hedatu da, eta une honetan Funchal hiriburuko alde zaharretik gertu dago, etxeetara bidean, ipar Afrikako haizeek bultzatuta.

33 urteko bilbotar bat, Iratxe Martinez, bertan da, tragediaren lekuko. "Funchal guztiz kolapsatuta dago, suhiltzaileak ezin dira pasatu. Ur-hegazkinak ere ezin dira heldu, oso zaila baita sutea dagoen lekura ailegatzea", azaldu du, eitb.eus-ek egindako elkarrizketan.

Horren esanetan, gainera, "egoera okerrera egiten ari da", 120 km/h-ko haizeteak baitaude. "Zerua marroi dago", laburbildu du.

Martinezen testigantzan herritarrak etsita daudela sumatu daiteke: "negarrez ari dira, eta maskarak jantzita daude kalean; etxetik ateratzen ari dira sua heltzen ari delako".

Adibide gordin bat jarri du: "Taxi batean igo gara, eta gidaria negarrez etorri da bidaia osoa, haren etxea suak hartuta baitago".

funchal madeira portugal sutea incendio EFE

Sutea Funchalen. Argazkia: EFE

Hori guztia gutxi ez, eta etsipenari haserrea ere gehitu behar zaio: "Mundu guztia suminduta dago presidentearekin. Izan ere, atzo esan zuen egoera kontrolatuta zegoela, eta ez zegoen. Halaber, suaren aurka borroka egiteko laguntza ere errefusatu zuen".

Sua Funchalen piztu den arren, 20 bat kilometrora dagoen Santa Cruz herrian ere antzematen dira horren ondorioak. "Giroa kez betea dago", adierazi du Martinezek.

Lehen ikerketen arabera, baliteke sua nahita piztutakoa izatea. Horren ildotik, Portugaleko Segurtasun Indarrek susmagarri bat atxilotu dute, gertatutakoarekin lotura duelakoan, Jornal da Madeira egunkariaren arabera.

Madeira sutea (Iratxe Martinez)

Kea Funchaleko kaleetan. Argazkia: Iratxe Martinez

Paradisu turistikoa

Funchalen 120.000 biztanle daude, eta orografia oso malkartsua du. Horregatik, sua itzaltzeko lanak oso zailak izaten ari dira.

Madeira artxipelagoko hiriburua paradisu turistikoa da. Hori dela eta, ingurumenarekin lotura duten bidaietan espezializatuta dago. Lisboatik 1.000 kilometro hego-mendebaldera kokatuta dago, eta Afrikako kostaldetik 700 kilometrora.

Uhartedi horrek 20 bat uhartek osatzen dute, baina bitan baino ez daude biztanleak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Suteak Hondamendi naturalak Albisteak