Mundua -

Kolonbia, ezetzaren ostean

Bake akordioa zehazteko eskatu dute milaka kolonbiarrek

Manifestazio jendetsuak izan dira 14 hiritan. Bien bitartean, Santos Uribe presidente ohiarekin bildu da; aurrerapausorik ez dute lortu, ordea.

Manifestariak zuriz jantzita joan ziren, kandelak eskuan. EFE
Manifestazioak Kolonbian, bake-akordioaren alde egiteko

1:18

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bogota hiriburuan eta Kolonbiako 13 hiritan manifestazio jendetsuak izan dira astearte honetan. Izenpetutako bake akordioari eusteko eta hura zehazteko eskatu diete milaka herritarrek FARCi eta Santosen gobernuari. Igandean ezetza nagusitu zen itunaren inguruan egindako erreferendumean, baina kaleetan bakea eskatu dute kolonbiarrek.

"Akordioa orain" aldarria ahotan, manifestariak zuriz joan dira jantzita, eta kolore bereko banderak eta kandelak izan dituzte eskuetan, "negoziazioetan argia egon dadin". Cesar Adolfo Parra manifestarietako batek azaldu duenez, "negoziazio mahaitik ez altxatzeko eskatu diegu FARCi eta Kolonbiako Gobernuari, bila dezatela konponbidea".

Ezustean, ezetzak irabazi zuen igandeko erreferendumean, eta ia bost urtez gerrillak eta gobernuak landutako ituna ezerezean geratu zen.

Bilera Santosen eta Uriberen artean

Baietzaren porrota lepo gainean, Alvaro Uribe presidente ohiarekin negoziatzeari ekin behar izan dio Santosek. Bilera luzea egin dute bi buruzagiek, baina apenas lortu dute aurrerapausorik.

Uribek berak batzarra amaitzean esan duenez, FARCekin adostutako testuan "doikuntzak" egitea eskatu diote ezetzaren aldekoek Santosi, "bakerako akordio berria erdiesteko".

"Habanako agirian doikuntzak eta proposamenak erantsi behar dira bake akordioak kolonbiar guztiak asebete utz ditzan", adierazi du. Uriberen hitzetan, Santosek "hori lortzeko borondatea erakutsi du".

Ingurumaria horretan, Nazio Batuei laguntza eskatu die Uribek, "Kolonbiako demokraziaren garai berri honetan bidelagun nahi ditugu", erantsi du. Nazioarteari ere deia egin dio Kolonbiako presidente ohiak, prozesuari "babesa eta ulermena" eman diezaion.

FARCek ere hitz egin du azken orduetan. Aitortu dutenez, ez dute baztertu Alvaro Uriberekin biltzea.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko azken orduko berriak Zer gertatu da Kolonbian?