Mundua -

Londresko atentatua

Beste bi pertsona atxilotu dituzte Londresko atentatuaren haritik

Scotland Yardek jakitera eman duenez, Adrian Russell Ajao zen atentatuaren ustezko egilearen jatorrizko izena.

Polizia Londresko kaleak patruilatzen. Argazkia: EFE
Polizia Londresko kaleak patruilatzen. Argazkia: EFE
Beste bi pertsona atxilotu dituzte Londresen

1:20

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Poliziak beste bi pertsona atxilotu ditu asteartean Londresen izandako atentatua izan ostean; horrenbestez, bederatzi dira egun atxilotuta daudenak, Mark Rowley Scotland Yardeko terrorismoaren aurkako unitatearen buruak gaur aditzera emandakoaren arabera.

Hedabideen aurrean egindako agerraldian, Rowleyk garrantzitsutzat jo ditu aipatu atxiloketak. Atxiloketetako bat Ingalaterra erdialdean dagoen West Midlands eskualdean egin dute, eta bestea herrialdeko ipar-mendebaldean. Horrez gain, hasiera batean atxilotu zuten emakume bat aske geratu dela baieztatu du, fidantza ordaindu ostean. Hartara, bederatzi dira une honetan Poliziaren esku dauden pertsonak, Londresko atentatuarekin zerikusia dutela egotzita.

Bestalde, Scotland Yardeko bozeramaileak azaldu duenez, Polizia bost jabetza miatzen ari da, eta beste hamaseitan egindako arakatze-lanak bukatu dituztela, gaineratu du.

50 zauritu

Biktimei dagokienez, bart ospitalean hil zen 75 urteko gizona (erasoaren ondorioz hil den laugarren pertsona) Leslie Rhodes izenarekin identifikatu dute.

Halaber, Rowleyren esanetan, 50 dira atentatuaren eraginez zauritutakoak, eta horietako 31 ospitalera eraman behar izan zituzten. Tartean bi pertsona egoera kritikoan daude, bata larri. Bi polizia agentek "zauri handiak" dituztela ere erantsi du.

Adrian Russel Ajao

Beste alde batetik, Scotland Yardek Khalid Masood izenez identifikatu zuen atzo atentatuaren ustezko egilea. 52 urte zituen, britainiarra zen eta Kent konderrian (Ingalaterra) jaio zen. Informazio horri gaur erantsi diotenez, bere jaiotzako deitura Adrian Russell Ajao izan zen.

Russel iraganean kondenatu egin zuten armak edukitzeagatik eta eraso bortitzak egiteagatik, baina ez terrorismoagatik.

Londresko segurtasun indarrek jakitera eman zutenez, ez zekiten eraso terrorista bat prestatzeko asmorik zuenik. Ustezko erasotzailearen azken aurrekari poliziala 2003. urtekoa da, arma zuriak gainean eramatea leporatuta.

Estatu Islamikoa

Estatu Islamikoak bere gain hartu zuen atzo atentatua, Amaq albiste-agentziak jakitera eman zuenez. Komunikatua sare sozialetan publikatu zuten, baina ezin izan zuten egiatasuna frogatu. Horretan irakurri daitekeenez, erasotzailea Estatu Islamikoaren "soldadua" da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Atentatuak Estatu Islamikoa Albisteak Londres albisteak gaur