Mundua -

Konstituzioaren erreforma

Erdogan garaile erreferendumean, alde oso txikiarekin

Oposizioan dagoen Herriaren Alderdi Errepublikanoak zalantzan jarri du bozen kontaketa, Hauteskundetarako Biltzar Gorenak onartu egin baititu izan beharreko zigilua ez duten bozak

Referendumean lortutako garaipena ospatu dute Erdoganen jarraitzaileek

1:23

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak bultzatutako sistema presidentzialistaren aldeko joera garaile atera da igande honetan Turkian egin den erreferendumean. Horrela, botoen % 100 zenbatuta daudenean, baietzak % 51,2ko babesa eskuratu du, ezetzak berriz, % 48,8.

Baiezko bozak batez ere Anatoliako penintsulako barnealdean gailendu dira; aitzitik, kontrako botoak nagusi izan dira Mediterraneoko kostaldean eta kurduak nagusi diren Turkiako hego-ekialdean.

Aitzitik, Turkiako hiriburu nagusietan (Istanbul, Ankara eta Esmirna) ezetza gailendu da. Horrenbestez, Istanbulen, Turkiako hiri populatuenean (14,8 milioi biztanle), ezetzak % 51,22 eskuratu du; Ankaran, % 50, 97; eta Esmirnan, % 68,75.

Oposizioa, kexu

Oposizioan dagoen eta Konstituzioaren erreformaren aurkako kanpaina egin duen Herriaren Alderdi Errepublikanoa (CHP) alderdiak zalantzan jarri du erreferendumeko bozen kontaketa, eta bozen ia % 60 berriro zenbatzeko eskatuko duela aurreratu du.

Hartara, Erdal Aksünger CHP alderdiko presidenteordeetako batek kazetariei esan dienez, bere alderdiak botoen % 37tik % 60era inpugnatuko ditu. BEre aburuz, "manipulazio handia" egon da. "Goizetik ikusi dugu gutxi gorabehera 2,5 milioi botok arazoak eman zitzaketela", baieztatu du Aksüngerrek (baietzak 1,3 milioi botoren aldearekin irabazi du).

Alabaina, oposizioaren ardura handiena Hauteskundeen Biltzar Gorenak (YSK) egunaren bukaeran argitaratu duen oharra da. Izan ere, ohar horretan dioenez, onartu egingo ditu zigilu ofiziala ez duten botoak, baldin eta ez den frogatzen iruzurrezkoak direla. "Diotenez, balekoak dira zigilu ofizialik gabeko botoak eta gutun-azalak. Hori ez da legezkoa. Horrek esan nahi botoak ekar daitezkeela kanpotik", adierazi du Bülent Tezcan CHP alderdiko beste presidenteordeetako batek.

Hauteskundeen Biltzar Gorenak (YSK) ontzat eman du bozketa

Sadi Güven Turkiako Hauteskundeen Biltzar Gorenaren presidenteak ontzat eman du baietzaren garaipena. Guvenek baieztatu egin du biltzarrak behar den bezala zigilatuta ez dauden botoak onartzea erabaki duela. Oposizioak leporatu dionez, erabaki horrek "partida hasi ostean arauak aldatzea dakar", baina mota horretako bozak onartzen diren lehen aldia ez dela ihardetsiz defendatu du bere burua.

Guvenen esanetan, guztira 56.147.506 boto eman dira erreferendumean; horietatik, 24.763.516k baietza babestu dute; aldiz, 23.511.155 ezetzaren alde azaldu dira.

"Oraindik behin betikoak ez diren emaitza horien arabera, 1.252.361 botokoa da baietzaren eta ezetzaren aldea. Inpugnazioak aurkezteko epealdia kontuan hartu ostean, behin betiko emaitzak 11-12 egun barru jakinaraziko dira", azaldu du Guvenek.

Erdogan

Bere aldetik Erdoganek igande honetan onartutako erreforma konstituzionalaren balio historikoa aldarrikatu du. Horrez gain, aldaketaren izaera zibila nabarmendu du, aurreko mendean izandako estatu kolpeekin alderatuta. "Turkiak, bere historian lehen aldiz, garrantzizko aldaketa bat legebiltzarrean eta herrian erabaki du. Errepublikaren historian lehen aldiz politika zibilaren bitartez aldatuko dugu gure gobernu sistema. Horregatik da hain garrantzitsua", adierazi du Erdoganek.

Zertan datza erreforma?

Erreforma konstituzionalak planteatzen duen aldaketa nagusia lehen ministroaren figura kentzea da sistema presidentzialista bat ezartzeko. Sistema berri horretan, presidentea Estatuaren zein Gobernuaren burua izango da aldi berean. Horrez gain, Erdoganek 2029ra arte gobernatzeko aukera izango du; izan ere, Konstituzio berria ez litzateke 2019ra arte aplikatuko eta, horrenbestez, bi agintaldirako aukera izango luke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Eguneko albisteak Turkia