Mundua -

Freetown

Ia 400 hildako Sierra Leonan, lur-jausiaren ondorioz

3.000 bat lagunek galdu dute euren etxea. Aurreikuspenaren arabera, biktimen behin betiko balantzeak 500 bat hildako zehaztuko ditu.

Baliteke 500 hildako ere egotea, aurreikuspenaren arabera. Argazkia: EFE.
Baliteke 500 hildako ere egotea, aurreikuspenaren arabera. Argazkia: EFE.
Baliteke 500 hildako ere egotea, aurreikuspenaren arabera. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erreskate-taldeek ia 400 gorpu topatu dituzte dagoeneko Freetown kanpoaldean, alegia, Sierra Leonako hiriburutik oso gertu, hiriko fiskal nagusi Seneh Dumbuyak azaldu duenez; izan ere, lur-jausi handia izan zen bertan astelehen goizean. Dumbuyak esan du aukera dagoela 500 bat hildako ere egoteko.

Sam Gibson alkateak esan du asmoa dela hileta masiboa egitea, xede izanik Freetowneko gorputegian lekua egitea; izan ere, ondorengo orduetan gorpu gehiago iritsiko dira bertara.

Larrialdietako taldeek segurtasun-indarren eta hainbat GKEren laguntza dute, eta saiatzen ari dira bizirik irten diren lagunak topatzen eta etxerik gabe dauden pertsonei babesa ematen. Gutxi gorabehera, 3.000 bat lagunek galdu dute etxea.

Lursail oso handia, etxeen gainera

Astelehen goizean, lursail oso handi bat Regent herriaren gainera erori zen. Aipatutako herrian, eraikin asko beharrezko baimenik gabe egin dituzte, Victor Foh presidenteordeak Eferi esan dionez.

'Lotan geunden, eta bat-batean entzun genuen horma bat erortzen ari zela. Esnatu ginenean, uholdea genuen etxean', esan du 36 urteko Salimatu Bangurak. Emakumeak ihes egitea lortu zuen, baina haren anaia hil da, lohipean.

Gertakari hauek maiz jazotzen dira Sierra Leonan; eraikinak ahulak dira, denboraleei aurre egiteko. Hala ere, biktimen balantzea ikusirik, herrialdeak azken urteotan pairatutako ezbeharrik nagusienetakoa da. 'Tragedia erabat larria da, neu ere nago suntsituta', esan du Fohk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Albisteak Gaur Hondamendi naturalak Eguneko albisteak Hondamendi naturalen biktimak Mendi-magaletako lur-jausiak