Mundua -

Akordioa

Venezuelak eta Panamak nor bere enbaxadoreen itzulera adostu dutela esan du Madurok

Halaber, herri bien arteko hegaldiak martxan izango dira gaurtik aurrera.

Nicolas Maduro Venezuelako presidentea. Argazkia: EFE.
Nicolas Maduro Venezuelako presidentea. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak ostegun honetan iragarri duenez, herri bietako enbaxadoreak itzuliko dira beren lanpostuetara Juan Carlos Varela Panamako presidentearekin horrela adostu ostean, Venezuelako albiste agentzia estatalak (AVN) jakinarazi duenez.

Era berean, gaurtik aurrera herri bien arteko hegaldiak berriro martxan jartzea adosteaz gain, laster bi herriotako Atzerriko ministroen arteko goi-bilera egitea adostu dute.

Akordioa, Varela Madurorekin berba egiteko eta herri bien arteko krisi diplomatikoa konpontzeko "prest" dagoela esan ostean heldu da.

Madurok telefonoa hartzeko eta "mikrofonoaren diplomaziari" amaiera emateko eskatu zion Varelari asteartean. "Panamako presidenteak arazoa konpondu nahi badu, deitu nazala eta gu bion artean konponduko dugu. Lau egun daramatzat itxaroten. (…) Bere esku dago", esan zuen Madurok hauteskunde kanpainako ekitaldi batean zehar, El Universal Venezuelako egunkariaren arabera.

Bi herrien arteko krisia martxoan hasi zen, Panamak Maduro eta horren zenbait funtzionario eta hainbat enpresa venezuelar dirua zuritzeko "arrisku handia" dutenen zerrenda batean sartu ostean. Orain gisa, Venezuelak harreman komertzialak bertan behera utzi zituen Panamako hainbat pertsonarekin eta enpresarekin, esaterako, Varela presidentearekin eta Copa Airlines enpresarekin (bi herrien arteko hegazkin konexio nagusia eskaintzen du). Gainera, iskanbilaren puntu gorenean, enbaxadoreak erretiratu zituzten biek.

Panama Lima Taldea osatzen duten 14 herrien artean egoteagatik sortu da herri bien arteko tirabira, talde hori oso kritikoa baita, Hugo Chavez hil zenetik Maduroren eraginez Venezuelak bizi duen krisi politiko, ekonomiko eta sozialarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Albisteak Venezuela Panama Nicolás Maduro