Mundua -

Iran

AEBek Irani ezarritako zigorrak kentzeko agindu du Nazioarteko Justizia Gorteak

Ebazpen ezagututa, 1995ean Iranekin egin zuen Adiskidantza Ituna bertan behera utziko duela iragarri dute Estatu Batuek. Epai-mahaiak akordio hori erabili du Iranen alde egiteko.

Hasan Rohani Irango presidentea. Argazkia: EFE
Hasan Rohani Irango presidentea. Argazkia: EFE
Hasan Rohani Irango presidentea. Argazkia: EFE

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioarteko Justizia Gorteak arrazoia eman dio Irani Ameriketako Estatu Batuen aurka jarri zuen salaketan, eta oinarrizko produktuen esportazioarekin lotuta Teherani ezarri dizkion hainbat zigor bertan behera utz ditzala agindu dio Donald Trumpen Gobernuari.

Epai-mahaia osatzen duten magistratuek aho batez hartu dute erabakia. Ebazpena behin-behinekoa da.

Joan den maiatzean AEBak Iranekin zuten akordio nuklearra hautsi zuten eta horren ondotik hainbat zigor ezarri dizkio Irani.

Alabaina, epaileek esan dute AEBek ezin dutela oinarrizko produktuen –sendagaiak eta elikagaiak, besteak beste- esportazioaren kontrako neurririk hartu.

Halaber, oinarrizko produktu horiek Iranera eraman ahal izateko beharrezkoak diren lizentziak emateko eta diru transferentziak baimentzeko exijitu die Nazioarteko Justizia Gorteak AEBei.

Produktu horiek gabe, Irango herritarren osasuna eta bizitza arriskuan jarriko litzatekeela ohartarazi du Abdulqawi Ahmed Yusuf epai-mahaiko presidenteak.

1995an, bi herrialdeen arteko harremana ona zenean, Adiskidantza, Harreman Ekonomikoa eta Kontsularen Eskubideak izeneko ituna sinatu zuten Iranek eta Estatu Batuek. Nazioarteko Justizia Gortea akordio horretan oinarritu da, hain zuzen ere, Iranen alde egiteko orain.

Ebazpenaren berri izan ostean, Estatu Batuetako Gobernuak iragarri du Adiskidantza Ituna bertan behera utziko duela.

Donald Trump Etxe Zurira iritsi zenetik eta, batez ere, AEBek itun nuklearra hautsi zutenetik, bi herrialdeen arteko harremanak nabarmen gaiztotu dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Albisteak Iran