Mundua -

MIGRAZIOA

Migrazio legea gogortu egin du Greziako Gobernuak, bi urtean hirugarren aldiz

Araudi berriarekin, Greziara legez kanpo sartzen den pertsona migratzaile oro atxilotzeko eta berehala deportatzeko eskumena izango du bertako Poliziak.

Un grupo de migrantes en el Mediterráneo. Foto: EFE.
Un grupo de migrantes en el Mediterráneo. Foto: EFE.
Un grupo de migrantes en el Mediterráneo. Foto: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Migrazio legea berriro moldatu du Greziako Parlamentuak, azken bi urteotan hirugarren aldiz. Hainbat arau, lehenaz gain, gogortu egin ditu Kyriakos Mitsotakis lehen ministroak zuzentzen duen exekutibo kontserbadoreak. Hala, deportazioak erraztu eta gobernuz kanpoko erakundeen lana zaildu egingo da Grezian.

Parlamentu greziarrean gehiengo osoa duen Demokrazia Berria alderdiaren botoekin onartu zuten lege berria, atzo egindako saioan. "Ez dugu onartuko Grezia Europarako sarrera ate izatea, 2015etik 2019rako tartean izan zen bezala", esan zuen Notis Mitarakis Migrazio ministroak,  oposizioko ezkerreko alderdiek egindako kritikei erantzunez.

Afganistango krisia ere izan zuen hizpide Mitarakisek, eta Europako Batasunak "iraganean egindako akatsak ez errepikatzeko konpromisoa" duela nabarmendu zuen. "Migrazio mugimenduak" kontrolatzeko, laguntza humanitarioa eskainiko dutela esan zuen. Azken urteotan Greziak ezarritako "arau zorrotzei esker", bestalde,  azken urteotan Egeo irletara iritsi den migratzaile kopurua % 93 jaitsi dela azpimarratu zuen.

Atzo onartutako araudi berriarekin, Greziara legez kanpo sartzen den migratzaile oro atxilotzeko eta berehala deportatzeko eskumena izango du bertako Poliziak, baldin eta pertsona horrek ez badu berehala nazioarteko babesa eskatzen. Ez da beharrezkoa izango Greziako agintarien erabakien zain egotea, eta beraz, deportazioak atxilotu eta berehala egitea ahalbidetuko du legeak.  

Azken urteotan, gobernuz kanpoko erakundeek Greziaren migrazio politika gogor kritikatu dute, besteak beste, herrialdera itsasotik zein lurretik iristen diren errefuxiatuak berehala itzultzen dituelako Turkiara, nazioarteko babesa eskatzeko aukera eman gabe.

Greziako Gobernuaren arabera, "migrazio ilegala" eragoztea da bere egitekoa, eta  horretarako, "mugak babesten" jarraituko du. Gobernuz kanpoko erakundeek ezingo dute eurez kabuz erreskate operaziorik egin; kostazainekin elkarlanean aritu beharko dute, ezinbestean.  Legea urratuz gero, salbamendu ontzietako kideek urtebeterainoko espetxe zigorra edota 500 eta 1.000 euro arteko zigorra jaso dezakete. Operazioa zuzentzen ari den gobernuz kanpoko erakundeak, berriz, 3.000 eta 6 milioi euro arteko zigorra izan dezake, agintari greziarrek ohartarazi dutenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Migrazioa Europa Grezia Eguneko albisteak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan