Mundua -

Mugikorrak

Txinak proposatu du 18 urtetik beherakoek egunean gehienez 2 orduz erabiltzea dispositibo elektronikoak

Txinako Ziberespazioaren Administrazioak (CAC) arau bihur daitekeenaren zirriborro bat aurkeztu du haurrek gailu horiek erabiltzeko.

Umetxo bat gailu elektroniko batekin. Artxiboko irudia.
Umetxo bat gailu elektroniko batekin. Artxiboko irudia.
Adin txikikoei mugikorrak debekatzeko proposamena aurkeztu dute Txinan

1:43

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txinako Ziberespazioaren Administrazioak (CAC) arau izan daitekeenaren zirriborro bat aurkeztu du haurrek dispositibo elektronikoak erabiltzeko. Besteak beste, 18 urtetik beherakoek egunean gehienez bi orduz erabiltzea proposatzen da.

Gainera, 8 urtetik beherakoek egunean gehienez 40 minutuko denbora-muga izan beharko dute erabiltzeko. 8 eta 16 urte bitartekoek, berriz, gehienez ordubetez erabiltzeko sistema izan beharko lukete.

Kontsulta publikora ireki den dokumentu horren bidez, CACek erabiltzaile horien babesa indartu nahi du, baita Interneten ohitura osasungarriak ezarri ere, adingabeek sareak erabiltzeko ereduak sortzeko zenbait arau jarrita.

Hala, 'Adingabeentzako Internet mugikorreko ereduak eraikitzeko jarraibideak' izeneko esparru horri heldu beharko diote, bai mugikorren hornitzaileek, bai adingabeentzako aplikazioak banatzeko aplikazio eta zerbitzu-plataforma guztiek.

Proiektu honek, batetik, adingabeek telefono adimendunak erabiltzeko gehieneko denbora jasotzen du, baita adinaren arabera eskaini beharko litzaiekeen eduki mota ere, eta haurrek eta nerabeek erabiltzen dituzten edukiak gurasoek eta tutoreek nola kudeatu behar dituzten ere zehazten du.

Horrela, bost adin-tarte ezartzen ditu jarraibide horiek emateko: 3 urtetik beherakoak, 3 urtetik gorakoak baina 8 urtetik beherakoak, 8 urtetik gorakoak baina 12 urtetik beherakoak, 12 urtetik gorakoak baina 16 urtetik beherakoak, eta, azkenik, 16 urtetik gorakoak baina 18 urtetik beherakoak.

CACen arabera, terminal orok haurrentzako modu jakin baterako sarbidea izan behar du, terminala pizten den unean gogoratzeko, bai mahaigaineko ikono baten bidez, bai gailuaren aurretiko konfigurazioaren bidez.

Halaber, bertan jaso dutenez, adingabeentzako modu hori aktibatuta dagoenean, terminalak jakinarazpen bat izan behar du erabiltzaileari jakitera emateko 30 minutu baino gehiagoz erabili duela eta atseden hartu behar duela.

Gainera, sistema hori duten gailu adimendunek debekatuta izan beharko dute adingabeei 22:00etatik 06:00ak arte zerbitzuak ematea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Nazioartea Txina Telefonia mugikorra Eguneko albisteak Albisteak Umeak Gazteak