Mundua -

PROFILA

Villavicencio, Correaren kontrako mugimenduaren irudi izan zen ikerketa-kazetaria

Kazetaria, sindikalista eta ekintzaile politikoa. Abuztuaren 20an egingo diren presidenterako hauteskundeetara aurkezteko erabakiaren atzean arrazoi nagusi bat zegoela esan zuen behin eta berriz: Correaren aldekoak berriro boterearen jabe ez egitea Ekuadorren.

Fernando Villavicencio, duelako gutxiko ekitaldi batean. Argazkia: EFE
Fernando Villavicencio, duelako gutxiko ekitaldi batean
Fernando Villavicencio, duelako gutxiko ekitaldi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fernando Villavicencio Ekuadorko Movimiento Construye alderdiko presidentegaia tiroz hil dute, Quito hiriburuan mitin bat eman ostean. 59 urteko hautagaia sindikalista izan zen gazte garaian, eta, besteak beste, herrialdeko petrolio enpresa nagusiko langileen federazioan aholkulari gisa aritu zen hainbat urtez. Ezkerreko mugimenduekin lotura estuegia omen zuelako kaleratu zuten.

Kazetaritza ikasketak egin zituen oso polemikoa izan zen eta egun itxita dagoen unibertsitate batean. Ustez diruaren truke tituluak banatzeagatik salaketak jaso zituen zentro horrek. Nolanahi ere, ustelkeriaren kontra argitaratu zituen artikuluek eman zioten sona Villavicenciori. Bereziki, Rafael Correa presidente ohiaren (2007-2017) eta haren administrazioko kideen jarduna ustelkeriarekin lotzen zuten ikerketa lanak plazaratu zituen. Ekuadorrek egun dituen krisien erantzule nagusitzat jo zuen Correa, eta "antikorreismoa" izenarekin ezagutzen den mugimenduaren irudi bilakatu zen.

Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak Ekuadorren duen enbaxadarekin harreman estua izan zuen, eta hori izan zuen iturri nagusietako bat bere salaketak baieztatzeko. Berak azaleratutako ustelkeria kasuen ondorioz, Correa eta haren lantaldeko zenbait kide zigortuak izan ziren.

Politikara jauzi egin aurretik, Ekuadorko Asanblea Nazionalaren Kontrol Batzordeko buru izan zen (2021-2023). Abuztuaren 20an egingo diren presidenterako hauteskundeetara aurkezteko erabakiaren atzean arrazoi nagusi bat zegoela esan zuen behin eta berriz: Correaren aldekoak berriro boterearen jabe ez egitea.

Askotan Guillermo Lasso Ekuadorko egungo presidentearekiko kritiko agertu bada ere, haren aldeko jarrera erakutsi du azkenaldian eta Lassoren "ofizialismoaren" hautagaitzat jo izan duten presidentegai zendu berria.

Chimborazo probintziako Alusi herrian jaiotakoa, Vanguardia aldizkarian aritu zen lanean, eta Clever Jimenezen Pachakutik indigenen aldeko mugimenduaren aholkulari politikoa ere izan zen 2009 eta 2017 artean.

Presidente izateko hautagaitza iragarri zuenean, "ustelkeriari eta gizartea makurtuta duen mafiei" aurre egitea zuela xede esan zuen. Ezkerrekotzat zuen bere burua bere ibilbidearen hasieran, baina egun zentroan kokatzen zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Ekuador