Mundua -

Hauteskundeak Ekuadorren

Luisa Gonzalez hautagai correista eta Daniel Noboa enpresaburua lehiatuko dira Ekuadorko bigarren itzulian

Hautagai ezkertiarrak botoen herenak eskuratu ditu, eta liberalak, laurdenak (% 24). Hirugarren geratu da Villavicencio hautagai erailaren ordezkoa.

Gonzalez garaipena ospatzen. Argazkia: EFE
Gonzalez garaipena ospatzen.
Gonzalez garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luisa Gonzalez correismoaren hautagaia eta Daniel Noboa enpresaburua aurrez aurre arituko dira Ekuadorko presidenterako bigarren itzulian, urriaren 15ean. Ezein hautagaik ez du lortu botoen % 50, eta, ondorioz, bigarren itzuli bat egin beharko da presidentea aukeratzeko. 

Botoen % 80,14 zenbatuta dagoela, Gonzalezek botoen % 33,21 eskuratu ditu, eta Noboak, % 24,04. Hirugarren lekuan geratu da Fernando Villavicencio eraildako hautagaiaren alderdia (Movimiento Construye), Christian Zurita hautagaiak botoen % 16,38 erdietsi baititu. Jan Topic ere gertu geratu da, botoen % 14,62 jasota.

Inkestek egintzat ematen zuten Gonzalezen garaipena, baina Noboa ez zegoen kinieletan, eta sorpresa izan da horren lortu duen bigarren postua. Horrenbestez, herrialdearen bi ereduak lehiatuko dira bi hilabete barru, hauteskundeen bigarren itzulian. 

Gonzalez (abokatua da eta hainbat kargu izan ditu Rafael Correa Ekuadorko presidente ohiaren administrazioan) hautagaiak pozik hartu du garaipenaren berri, eta "itxaropena eta duintasuna" aldarrikatu ditu "Lasso 2.0 bat" saihesteko. Horren alderdia (Herritarren Iraultza) da Guillermo Lasso egungo presidentearen oposizioko indar nagusia. 

"Ekuadorko historian lehen aldiz lortu du emakume batek hauteskundeen lehen errondan hain boto-portzentaje altua", azpimarratu du hautagai ezkertiarrak, eta enplegu duina eta hezkuntzarako eta osasunerako eskubidea aipatu ditu bere lehentasunen artean. 

Noboa (35 urte), Alvaro Noboa (bost aldiz izan zen presidentegai) enpresaburuaren semea, Guayaquil enpresa bilguneko kidea da, eliteen ordezkari.

Enpresaburuak iragarri duenez, gaurtik aurrera presidente izateko lan egingo du. "Guk proiektu bat dugu, eta baten bat batu nahi bada, gustura hartuko dugu", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Zenbat hautagai daude hauteskundeetan? Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika albisteak Ekuador Hauteskundeak