Mundua -

Ikusi gabeko erabakia

AEBko Ordezkarien Ganberak kargutik kendu du Kevin McCarthy presidentea, eta horrek kaosa eragin du erakundean

Lehen aldiz kargugabetu dute behe-ganberako burua. Ekimena alderdikideek bultzatu dute, Alderdi Errepublikanoaren kide erradikalenek. Gobernuaren itxiera ez eragiteko demokratekin akordioa lortuta, Alderdi Demokratari ezkutuan laguntzea egotzi diote McCarthyri.

McCarthy, kargugabetu ostean emandako prentsaurrekoan. EFE
McCarthy, kargugabetu ostean emandako prentsaurrekoan.
McCarthy, kargugabetu ostean emandako prentsaurrekoan. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Inoiz ikusi gabeko erabakia hartu du bart AEBko Ordezkarien Ganberak: Kevin McCarthy presidente errepublikanoa kargutik kendu du. Bederatzi hilabete zeramatzan McCarthyk karguan, eta burua kargugabetuta, behe-ganbera ez atzera ez aurrera geratu da, ez baitago hura ordezkatzeko hautagairik. 

Zentsura-mozioa aldeko 216 botorekin onartu dute (kontrako 210 jaso ditu). Matt Gaetz Floridako ordezkari errepublikanoak sustatu du mozioa, eta, horrez gain, Alderdi Errepublikanoko beste zazpi kidek —Andy Biggs, Ken Buck, Tim Burchett, Eli Crane, Bob Good, Nancy Mace eta Matt Rosendale— eta 208 demokratek babestu dute. 

Gobernua ez ixteko, aurrekontua 45 egunez luzatzea adostu zuen McCarthyk demokratekin, eta erabakiarekin demokratak lagundu nahian ibiltzea egotzi diote Gaetzek eta bere aliatuek. 

Patrick McHenry errepublikanoak hartu du orain Ordezkarien Ganbera zuzentzeko ardura, baina ahalmen mugatuak ditu, hurrengo presidentea hautatzeko prozesua gidatu besterik ezin baitu egin. Oraingoz ez dago McCarthy ordezkatzeko hautagairik. 

Gaetzek esan duenez, Steve Scalise presidente "aparta" litzateke. Tom Cole alderdikidearen esanetan, "inork ez daki zer gertatuko den". 

Bederatzi hilabeteko agintaldi malkartsua izan du hasieratik bertatik McCarthyk. Urtarrilean aukeratu zuten, eta 14 bozketa behar izan zituzten horretarako. 

McCarthy, bere kontra bozkatu duten errepublikanoen kontra: "Ez dira kontserbadoreak"

Kargugabetu berritan, prentsaren aurrera azaldu da McCarthy. Salatu duenez, mozioak "ez du gastuarekin zerikusirik, afera pertsonala da. Gaetzek arreta bereganatu baino ez du egin nahi".

Gaetz ez ezik, bere kontra egin duten zazpi alderdikideak ere kritikatu ditu behe-ganberako presidente ohiak. "Kongresuan inoiz egindako murrizketa handienaren kontra egin zuten. Lan-baldintzen kontra egin zuten, baita mugak babestearen kontra ere. Ez dira kontserbadoreak, ez dute titulu hori merezi", esan du. 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump