Mundua -

Gaza, erasopean

Hamasek eta Israelek bahitu talde bat preso palestinarren truke askatzea eta su-etena ezartzea adostu dute

Hain zuzen, Hamasek bahituta dituen 50 lagun askatuko dituzte, Israelen dauden 150 preso palestinarren truke. Gainera, Gurutze Gorriak bahituak bisitatuko ditu. Hamasek zehaztu du ezingo dutela ekintza militarrik burutu, eta laguntza humanitarioa jasoko dutela, baita sendagaiak eta erregaiak ere.

Emakume batek bahituak askatzea eskatzeko kandelak piztu ditu Tel Aviveko Museoan. Argazkia: EFE
Emakume batek bahituak askatzea eskatzeko kandelak piztu ditu Tel Aviveko Museoan. Argazkia: EFE
Emakume batek bahituak askatzea eskatzeko kandelak piztu ditu Tel Aviveko Museoan. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelek eta Hamasek bahitu israeldarren talde bat askatzeko akordioa itxi dute, hainbat preso palestinar askatzearen eta aldi baterako su-etena ezartzearen truke. Akordio hori Ameriketako Estatu Batuen (AEB), Egiptoren eta Qatarren bitartekaritzarekin negoziatu dute.

Gainera, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak esan duenez, Gurutze Gorriak bahitutakoak bisitatuko ditu eta laguntza medikoa eskainiko die.

Egiptoko segurtasun arduradunek azaldu dutenez, akordioak datozen orduetan hasiko den aldi baterako su-etena jasotzen du, eta, tarte horretan, Hamasen esku dauden 50 bahitu askatuko dituzte, Israelen dauden 150 preso palestinarren truke.

Iturri horien arabera, gainera, askatutakoak haurrak eta emakumeak dira, eta "txandaka askatuko dituzte: 10 preso israeldar eta 30 preso palestinar, eguneko".

Era berean, nabarmendu dute itunak Gazako Zerrendan 300 kamioi sartzea ahalbidetuko duela. Elikagaiak, medikuak eta erregaia sartuko dituzte ibilgailu horietan.

Bestalde, Daniel Hagari Israelgo Defentsa Indarren bozeramaileak onartu du bahituak askatzea helburu "garrantzitsua" dela, baina ez duela eraginik Hamasek Zerrendan dituen egiturak deuseztatzeko misioan.

Netanyahuk berak esan du gerrak "etapak" dituela, eta bahituak askatzeak ez duela ekarriko Israelen kanpaina militarra amaitzea. "Gerrak etapak ditu, eta bahituak pixkanaka itzuliko dira, baina ez dugu atsedenik hartuko erabateko garaipena lortu arte. Gazan gure indar guztiekin borrokan jarraituko dugu bahituak bueltatzeko akordioaren fasea amaitutakoan", adierazi du Israelgo gobernuburuak.

Hamasek su eten humanitarioa adostu dutela iragarri du 

Hamasek esan du "lau eguneko su etenerako akordioa" erdietsi duela Israelekin, Egiptoren eta Qatarren bitartekaritzari esker. Israelgo Gobernuak bart iragarri du akordioa onartzen duela, Gazan bahituta dituzten 50 pertsona askatzearen truke.

Hamasek zehaztu du akordio horri jarraikiz, ezingo dutela ekintza militarrik egin, eta Gazara laguntza humanitarioa helduko dela, baita sendagaiak eta erregaia ere. Bestalde, Israelen preso dauden 150 emakume eta haur palestinar askatuko dituzte, gazatarrek urriaren 7an bahitutako haur eta emakumeak askatzearen truke.

"Tregoak dirauen bitartean, ez dute Gazako Zerrendan erasorik egingo", erantsi du Hamasek. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Bahiketak albisteak Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbila Hamas