Mundua -

Ekialde Hurbilera bisita

Espainiak ateak ireki dizkio Palestinaren aitortzari, eta Israelek "terrorismoa babestea" leporatu dio

Espainiako Gobernuko presidenteak Israelera, Palestinara eta Egiptora eraman duen bidaia amaitu du. Israelgo Atzerri ministroak agindua eman du Espainiako enbaxadoreari eta Belgikako ordezkariari "errieta" egiteko.

Sanchez eta De Croo Abdel Fattah Al Sisi Egiptoko presidentearekin, Kairon. Argazkia: EFE
Sanchez eta De Croo Abdel Fattah Al Sisi Egiptoko presidentearekin, Kairon. Argazkia: EFE
Sanchez eta De Croo Abdel Fattah Al Sisi Egiptoko presidentearekin, Kairon. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente eta EBko txandakako presidenteak Israelera, Palestinara eta Egiptora egin duen bidaia amaitu du, baina bidaia amaitu aurretik, ateak ireki dizkio Espainiak Palestinako Estatua bere kabuz onartzeko aukerari, baldin eta nazioarteak norabide horretan erabaki bateraturik hartzen ez badu.

Ordu batzuk geroago, Israelgo Atzerri Ministerioak Espainiako eta Belgikako enbaxadoreak deitu ditu, azken orduetan Espainiako gobernuburuak eta Alexander de Croo Belgikako lehen ministroak egindako "adierazpen faltsuak" argitzeko, Hamasen "terrorismoa babestu" dutela iritzita. Horren aurrean, Jose Manuel Albares Atzerri ministro espainiarrak Rodica Radian-Gordon Israelek Espainian duen enbaxadorea deitu du Israelgo Gobernuaren "akusazio onartezin eta faltsuak" azal ditzan.

Sanchezek Israelen eta Palestinaren arteko gatazka konpontzeko bide bakarra bi estaturen arteko elkarbizitza dela adierazi du bidaia hau egin aurretik buruzagi askoren aurrean.

Orain arte galdetu diotenean ea Espainiak alde bakarreko aitortza planteatzen duen, behin eta berriz esan du beharrezkoa dela elkarlana. Baina ostiral honetan harago joan da, eta iradoki du Espainiak aldebakarreko erabakiak har ditzakeela, alde anitzeko aurrerapausorik izan ezean. Rafahko pasabidean egin ditu adierazpenak, Gazaren eta Egiptoren arteko mugan, Alexander de Croo Belgikako lehen ministroarekin batera egin duen azken bisitan, birari amaiera emateko.

"Nazioarteak eta, bereziki, Europako herrialdeek Palestinako Estatuaren aitortzari buruzko erabakia hartzeko unea iritsi da", azpimarratu du. Eta jarraian esan du mereziko lukeela elkarrekin lan egitea horretarako, "baina hori gertatzen ez bada, Espainiak, noski, bere erabakiak hartuko ditu", gaineratu du.

Bestalde, Israelgo Atzerri Ministerioak ohar batean hizpide izan ditu Sanchezek eta De Crook Rafahko pasabidean egindako adierazpenak: "Israel Nazioarteko Zuzenbidearen arabera jokatzen ari da, eta gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak egiten dituen Estatu Islamikoa baino okerragoa den erakunde terrorista baten aurka ari da borrokatzen".

Eli Cohen ministroak Ana Maria Salomon Perez Espainiako enbaxadoreari eta Jean-Luc Bodson Belgikako ordezkariari "errieta" egiteko agindua eman du.

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak asteazkenean nabarmendu zuenez, Espainia da Mendebaldeko herrialde bakarra "isilik" ez dagoena Israelek Gazan egindako "gizateriaren aurkako krimenak" ikusita.

"Mendebaldeko herrialdeak, bat izan ezik, zoritxarrez, ez dira horretaz arduratzen. Europako ia herrialde guztiak isilik daude gai honen inguruan. Ez dago ekimenik sarraskia amaitzeko. Espainiak bakarrik erakusten du jarrera positiboa", esan zuen Erdoganek. Turkiako buruzagiak Gazako Zerrendan bizi den "tragedia munduari kontatu nahian" lanean dabiltzan "kazetariak hiltzea" leporatu dio Israeli ostiral honetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Espainia Pedro Sánchez Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbila Hamas