Mundua -

Gaza, erasopean

Arrakastaz osatu da Hamasek bahitutakoen eta Israelek preso hartutakoen hirugarren trukea

Hamasek 17 lagun askatu ditu eta Israelek 39 preso, adin txikikoak denak. Egiptok eta Qatarrek, Israelen eta Hamasen arteko su-etenaren bitartekariek, azaldu dute bi aldeek "erantzun positiboa" eman diotela su-etena beste lau egunez "baldintza berberetan" luzatzeko proposamenari.

Bahitu israeldarrak aske, atzo. EFE.
Bahitu israeldarrak aske, atzo. EFE.
Hamasek 17 bahitu askatu ditu eta Israelek 39 preso, trukearen hirugarren egunean

0:20

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelek 39 preso palestinar askatu ditu igande honetan, Hamasekin egindako akordiaren baitan. Aldi baterako su-etenaren eta trukerako hirugarren egunean, Hamasek 14 bahitu israeldar eta hiru thailandiar askatu ditu.

"Oferreko espetxean eta Jerusalemgo atxilotze zentroan zeuden aske utzitako preso palestinar guztiak, Kerem Shalomgo bidegurutzean askatu duten Gazako preso bat izan ezik", adierazi du Israelgo espetxe zerbitzuak ohar batean.

Qatarko Atzerri Ministerioak iragarri duenez, igande honetan aske utzi dituzten 39 preso palestinarrak adingabeak dira.

Lehenago, Hamasek 13 bahitu israeldar askatu dituela iragarri du, adostutakoaren arabera. Gainera, bahituta zituen beste lau pertsona askatu ditu: thailandiar nazionalitateko hiru eta Israelgo eta Errusiako nazionalitate bikoitza duen bat, azken hori "Vladimir Putin Errusiako presidentearen ahaleginei erantzunez". 58 bahitu askatu ditu Hamasek ostiraletik.

Menia luzatzeko aukerak

Bestalde, Egiptok eta Qatarrek, Israelen eta Hamasen arteko su-etenaren bitartekariek, azaldu dute bi aldeek "erantzun positiboa" eman diotela su-etena beste lau egunez "baldintza berberetan" luzatzeko proposamenari.

Horien esanetan, proposamen hori "onartzetik gertu dago". Onartuko balitz, beste lau egunez luzatuko litzatzeke su-etena; epe horretan, Hamasek beste 40 bahitu israeldar askatuko lituzke, eta Israelek "preso palestinar gehiago aterako lituzke kartzelatik".

Su-etena luzatuz gero, halaber, Gazako Zerrenda osora laguntza humanitario eta erregai gehiago sartzea erraztuko litzateke. 

Atzo, Hamasek atzeratu egin zuen bahituen trukea, besteak beste, Gazako Zerrendako iparraldera iritsitako laguntza humanitarioa "adostutakoa baino askoz gutxiago" izan zela argudiatuta, eta Israeli leporatu zion antzinatasun irizpidea ez betetzea bezperan espetxetik atera zituen 39 preso palestinarren kasuan. 

Era berean, talde islamistak su-etena urratzea leporatu zion Israeli, bi gazatar tiroz hil zituztelako Israelgo indar armatuek, borroken etenaldia aprobetxatuz Zerrendaren iparraldera euren etxeak ikustera zihoazenei egindako erasoetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Bahiketak Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Egipto Ekialde Hurbila Hamas