Mundua -

HEGO KOREA

Hego Koreako oposizio burua lepoan sastatu dute

60-70 urteko gizonezko bat Lee Jae-myung Alderdi Demokratikoko buruzagiari hurbildu zaio eta labana sartu dio lepoan, kazetariekin hitz egiten ari zela. Berehala atxilotu dute. Oraindik ez dute argitu erasoaren zergatia.

Lee Jae-myung helikopteroan eraman dute ospitalera. EFE
Lee Jae-myung helikopteroan eraman dute ospitalera.
Hego Koreako oposizioko buru nagusia lepoan sastatu dute

0:23

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lee Jae-myung Hego Koreako Alderdi Demokratikoko lider eta oposizioko buruari eraso egin diote gaur labanaz, Busan hirian ekitaldi publiko batean parte hartzen ari zela. Lepoan sastatu dute eta ospitalera eraman dute, larri, alderdiko iturrien arabera. Dena dela, gerora zehaztu dutenez, bere bizia ez dago arriskuan

Erasoa Hego Korean 10:27 zirenean jazo da (02:27an, Euskal Herrian). Busango aireportu berria hartuko duen orubean, kazetariekin hizketan ari zela, gizon bat hurreratu zaio eta lepoaren ezkerreko partean sartu dio aiztoa. Ustezko erasotzaileak, 60-70 urteko gizonezkoak, "Ni naiz Lee Jae-myung" zioen koro bat zeraman buruan.

Lee bere kordean eraman dute ospitalera, odoljario handia zuela. Erasotzailea bertan atxilotu dute, Yonhap agentziak berri eman duenez. 

Pusango Unibertsitate Ospitalean egin diote lehen arta, baina gero helikopteroan eraman dute Seulgo Unibertsitate Ospitale Nazionalera, ebakuntza egitera. Odol asko galdu du, Yonhap agentziak Alderdi Demokrataren iturriak aipatuta adierazi duenez. Ondoren argitu dute bere bizia ez dagoela arriskuan, baina odoljario gehiago izan ditzakeela.  

Lekukoen eta telebistaz emandako irudien arabera, ustezko erasotzaileak jarraitzaile plantak egin ditu, autografo bat eskatzeko aitzakiarekin. Oraingoz, ez dakite zergatik egin dion eraso. 

Hego Korean apirilean dira hauteskundeak, eta Leeren osasun egoerak are gehiago zailtzen du hautagai izatea. Izan ere, azken asteotan Leeren hautagaitza zalantzan jartzen zen, Seongnam hiriko alkate eta Gyeonggi eskualdeko gobernadore zela ustelkeria kasuetan nahastuta egon omen zela eta. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Delituak albisteak Eguneko albisteak Albisteak Hego Korea Asia albisteak