Mundua -

Hauteskundeak

Iowako caucusak, Trumpen lehenengo azterketa Etxe Zurirako lasterketan

Iowan hasitako bidea azaroaren 5ean amaituko da, orduan egingo baitira AEBko presidentea aukeratzeko hauteskundeak.

Iowako caucusen iragarkia. Argazkia: Efe
Iowako caucusen iragarkia. Argazkia: Efe
Iowako caucusen iragarkia. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iowak duen erabakimena ofizialki oso txikia bada ere, estatu horretan astelehen egingo diren caucus edo barne-hauteskundeak Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeetara bidean izango den hitzordu garrantzitsuenetako bat dira, bertan hasiko baita hautagaien lehia argitzen.

Aurtengo ediziora arte Iowako caucusetan errepublikanoek eta demokratek parte hartzen bazuten ere, aurten demokratek (Joe Biden benetako hautagai bakar dutelarik) egutegia aldatzea erabaki dute. Ondorioz, Alderdi Errepublikanoaren barruan egongo da lehia, nahiz eta inkestek garaipen argia ematen dioten Donald Trumpi.

Gaurko caucusek beste protagonista bat izango dute: hotza. Elur denboralea dago AEBko zati handi batean, Iowan barne, eta - 10 ºC-ko tenperaturak dituzte. Eguraldi makurrak parte hartzeari eragin diezaioke, caucusak ez baitira joan eta bozkatzera mugatzen (bilerak egiten dira aurrez). Abstentzio handi batek abantaila are handiagoa eman diezaioke Trumpi berari. 

Ron DeSantis Floridako gobernadorea eta Nikki Haley AEBk Nazio Batuen Erakundean izandako enbaxadore ohia dira Trumpen hautagaitzari aurre egiteko gaitasuna duten bakarrak.

Nikki Haleyren jarraitzaile bat haren aldeko pankartak jartzen, elurraz inguratuta. EFE

Caucusean 18 urtetik gorako edonork parte har dezake, baina bozketaren ordurako izena emanda eduki beharko du Alderdi Errepublikanoaren barrutiko boto-emaile gisa.

Primarioetan egun osoko bozketa bat izaten da, hauteskundeen moduan, baina caucusetan ordu jakin batean eman behar da botoa, Iowan 19:00etan (Euskal Herriko 02:00etan) izango da hitzordua.

Gainera, primarioak estatuak berak antolatzen ditu, baina caucusen ardura osoa alderdiena da, eta boluntarioen lanari esker egiten dituzte.

Hitzordu garrantzitsuak azaroaren 5a arte

Tradizioaren arabera, Iowan hasten da presidentetzarako lehia, nahiz eta aurten errepublikanoek soilik egingo duten caucusa. Urtarrilaren 23an New Hampshireren txanda izango da, primario bikoitzekin, hau da, Alderdi Errepublikanoko eta Alderdi Demokratako hautagai eta boto-emaileekin. Hor ikusiko da argiago zein izango den hurrengo hauteskundeen bidea.

Hala ere, gorriz azpimarratutako eguna martxoaren 5a izango da: 'superasteartea'. Hamar estatuk baino gehiagok, tartean Kaliforniak eta Texasek, izango dituzte primarioak, eta hor galtzaileak nabarmen geratuko dira, eta lehia utziko duten hautagaiak izango dira. Kontrara, beste hautagaitza batzuk sendotu egingo dira.

Campaña de Nikki Haley en Iowa. Foto: Efe

Teknikoki, prozesua ekainaren hasieran amaituko da, baina emaitza argia izan ohi da aste edo hilabete batzuk lehenago; izan ere, martxoaren amaierarako banatuta egongo dira ordezkarien erdia baino gehiago. 2020an, adibidez, Bernie Sandersek apirilean egin zion uko primarioetan jarraitzeari, eta Joe Bideni bidea erraztu zion horrela; Alderdi Errepublikanoan, Trump zen ordurako hautagai bakarra.

Aurten ere bidea irekia du Bidenek, baina errepublikanoen artean hautagai batzuk lehiatzeko prest daude, nahiz eta, auziak auzi, Trump faborito argi den.

Primarioetan aurkeztu ahal izateko baldintzak AEBko presidente izateko berberak dira: herrialdean jaio izana, gutxienez 14 urtez bertan bizi izana eta 35 urte baino gehiago izatea. Legeak ez du mugarik jartzen auzipetutako pertsonentzat.

Prozesua azaroaren 5ean amaituko da, AEBko hauteskundeekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Hauteskundeak Joe Biden