Mundua -

Ameriketako Estatu Batuak

Trump Haleyri gailendu zaio New Hampshiren, eta ia ziurtatuta du bere hautagaitza Alderdi Errepublikanoan

AEBko presidente ohiak 10 puntu baino gehiagoko aldea atera dio NBEren enbaxadore izandakoari. Haleyk, baina, ez du amore emango. Dena dela, aldapa gora jarri zaio lasterketa, inkestek Trump jotzen baitute irabazle hurrengo hauteskundeetan, Nevadan eta Hego Karolinan.

Trump, garaipena ospatzen. EFE
Trump, garaipena ospatzen.
Donald Trumpek New Hampshiren irabazi du eta Alderdi Errepublikanoaren gaineko kontrola sendotu du

0:44

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko presidente ohiak irabazi egin du, beste behin. New Hampshire estatuko barne hauteskundeetan Nikki Haley NBEren enbaxadore izandakoari gailendu zaio, eta hala, gertuago du Alderdi Errepublikoanoaren hautagai izatearen aukera. 

Behin betiko datuen zain, presidente ohiak 10 puntu baino gehiagoko tartea atera dio Haleyri: botoen % 54,1 eskuratu ditu, Haleyren % 44,5aren aurrean. Nolanahi ere, Trumpen garaipena argia bai, baina ez da erabatekoa. Iowako caucus-etan 30 puntuko aldea atera zion bigarren postuan geratu zenari, Ron DeSantisi. 

Ipar-ekialdeko estatu honetan ordezkari gutxi banatzen ziren (hautagai izateko behar diren 2.429 horietatik 22 bakarrik), baina barne hauteskundeak giltzarri ziren Haleyren indarra neurtzeko. 

Hautagai moderatuak aldeko zuen berez New Hampshire. Boto-emaile independenteak hautesleriaren erdia baino dira, eta horien artean nagusi izan da NBEren enbaxadore izandakoa (botoen % 60 eskuratu du). Errepublikanoen artean, baina, ez du esperotako emaitza lortu: botoen % 25 baino ez du poltsikoratu. 

Trumpek, harrotuta, garaipena ospatu du eta Haley larrutzeko erabili du bere hitzaldia. "Iruzurtia" deitu dio, eta mezu argia bidali: "Aipamentxo txiki bat Nikkirentzat: ez du irabaziko". 

Haley, ordea, ez dago amore emateko prest. "New Hampshire lehen hitzordua da, baina ez azkena. Lasterketa hasi baino ez da egin. Hamarnaka estatu geratzen dira oraindik", ohartarazi du. 

Hurrengo barne hauteskundeak Nevadan (otsailak 8) eta Hego Karolina dira (hilak 24). Bietan Trump da faborito, Haley hegoaldeko estatuko alaba bada ere. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Hauteskundeak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump