Mundua -

Frantzia

Laborariek Parisko sarbide nagusiak blokeatu dituzte

Ia 800 traktore daude Parisko eskualdean sei bat puntu trabatzen, eta gutxienez asteartera arte egongo direla nabarmendu dute. Zirkulazioa bigarren mailako errepideetatik ari dira bideratzen. Macronek sektoreari laguntzeko "neurriak" iragarriko ditu asteartean.

Istiluen kontrako polizia A-15ean, Argenteuilen (Frantzia iparraldea). EFE
Istiluen kontrako polizia A-15ean, Argenteuilen (Frantzia iparraldea). EFE
Frantziako laborariek Parisko sarbide nagusiak blokeatu dituzte

0:44

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iragarritakoa betetzen hasi dira Frantziako laborariak: Parisi "setioa" ezartzeko lehen pausoak eman, eta hiriburura doazen errepide nagusiak blokeatu dituzte, Laborarien Sindikatuaren Federazio Nazionala (FNSEA, frantsesez) eta Laborari Gazteak sindikatuek deituta. Parisko eskualdean, ia 800 traktore daude bideak trabatzen, eta hiriburura sartzeko sei puntu trabatuta dituzte. Frantzia osoan, 16 autobide daude kaltetuta 30 departamentutan. 

Zirkulazioa bigarren mailako errepideetatik bideratzen ari dira, eta oraingoz, Parisko bi aireportuetara sarbidea bermatuta dago. Nekazariek iragarri dutenez, blokeoak asteartera arte behintzat iraungo du, eta bihar Rungiseko azoka (Parisko kanpoaldea) blokeatzea dute helburu. Frantziako azoka handiena da Rungiskoa. 

Paris jomuga, dozenaka traktore goizean goiz atera dira Agen hiritik (Bordele eta Tolosa artean), eta beste hainbeste batu zaizkie egunean zehar. 

Polizia dispositibo zabala prestatu du Frantziako Gobernuak, eta 15.000 agente inguru daude errepideak zaintzen. Gerald Darmanin Barne ministroak atzo ohartarazi duenez, "ondasunak eta pertsonak errespetatuz gero" Paris inguruko errepideetan blokatzeak baimenduko zituzten; baina hiriburura eta aireportuetara sartzea debekatu. 

Hala, istiluen kontrako hainbat furgoneta hiriburuko sarbideak zaintzen hasi dira goizean, eta Rungiseko azokaren inguruan babes hesia ezarri dute. 

Laborariei taxi gidari talde bat batu zaie gaur, eta Parisen hainbat errepide blokeatu dituzte, zama bidera botata eta su emanda. 

Gobernuak "neurriak" iragarriko ditu asteartearekin

Egoeraren larriaz jabe, bere ministroetako batzuk bildu ditu Macronek, krisi kabinete batean. Horren bozemaileak iragarri duenez, sektoreari laguntzeko "neurriak" iragarriko ditu asteartean. Ez dute bestelako xehetasunik eman. 

Bien bitartean, Gabriel Attal lehen ministroa sindikatuetako ordezkariekin bildu da arratsaldean. Hiru orduko bilera luzearen ondotik, adierazpenik egin gabe atera dira bi aldeak. 

Ifrentzuan, Ipar Euskal Herrian lasaiago dago egoera, Aturri ibaiaren gaineko zubian ezarritako blokeoa altxatu dutelako laborariek. Ia astebete egon da itxita. Dena dela, goizean protesta egin dute Angeluko bi supermerkatutan, eta aurrerantzean ere mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute. 

Lasto fardoak eta traktoreak jarri dituzte errepidean. Argazkia: EFE

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Paris Frantzia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Emmanuel Macron Nekazaritza Lan gatazkak albisteak gaur Frantziako Gobernua