Mundua -

HAUTESKUNDEAK

Alexander Stubb kontserbadoreak irabazi ditu Finlandiako hauteskundeak

Errusiaren aurkako jarrera du presidente berriak eta Ukrainari "babes sendoa" eskaintzen jarraitzearen aldekoa da, laguntza finantzarioa eta armak emanez eta Europar Batasunera zein NATOra atxikitzeko bidea erraztuz, nahiz eta horrek Moskurekiko tentsioak areagotu.

Alexandre Stubb garaipena ospatzen, emaztea ondoan duela. Argazkia: EFE
Alexandre Stubb garaipena ospatzen, emaztea ondoan duela. Argazkia: EFE
Alexandre Stubb garaipena ospatzen, emaztea ondoan duela. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alexander Stubb hautagai kontserbadoreak irabazi ditu igande honetan Finlandiako hauteskunde presidentzialak eta bera izango da estatuburu berria, Sauli Niinisto Finlandia NATOn sartu zuen presidente kontserbadorearen ordez.

1956tik bigarren aldia da Kokoomus alderdi kontserbadoreak Finlandiako presidentzia lortzen duela. Izan ere, sozialdemokratek izan dute nagusitasuna hainbat hamarkadatan orain arte.

Zenbaketa amaituta, Stubbek botoen % 51,6 lortu ditu eta Pekka Haavisto ekologistak % 48,4. Inkestek aurreikusitakoa baino askoz txikiagoa izan da bien arteko aldea baina nahikoa Estatuko buruzagitza eskuratzeko.

"Nire bizitzako ohorerik handiena da. Ez dago zeregin garrantzitsuagorik Errepublikako presidentea izatea baino ", esan dio Stubbek prentsari, emaitzak ezagutu ondoren, hunkituta.

Nekez heldu ahal izan dio etsipenari Haavistok. Hirugarren aldia zuen presidentetzarako lehian 65 urteko politikariak eta, ziur aski, hau izan da bere azken saiakera.

Hori bai, hauteskunde kanpainan erakutsitako elegantzia berberarekin, Stubbi bostekoa eman eta zoriondu ondoren, Finlandiak presidente "trebea" izango duela esan du Haavistok, aurkariaren nazioarteko esperientzia nabarmenduz.

Garaipenaren gakoak

Analistek uste dute ultraeskuineko boto-emaileen babesa lortu duela Stubbek bigarren txanda honetan, Jussi Halla-aho Benetako Finlandiarren hautagaia hirugarren geratu ondoren lehen bozketan.

Lehen itzui hartan lugarren sailkatu zen Olli Rehn Europako komisario ohi eta Finlandiako Bankuko zuzendariaren aldekoen babesa ere berak eskuratu omen du.

Gainera, mesede egin dio parte-hartze txikiak( % 67,6; lehen itzulian baino ia 4 puntu gutxiago).

Bestalde, Stubbek horren inguruko ezer esan ez duen arren, bere aurkariaren homosexualitateak ere bere alde jokatu ahal izan du, hiru boto-emailetik batek kanpainaren azken fasean onartu baitzuen ez zuela hautagai gay baten alde bozkatuko.

Errusiarekin gogor jokatzearen alde

Errusiarekin ildo gogorra izatearen aldekoa, presidente hautatua Ukrainari "babes sendoa" eskaintzen jarraitzearen aldekoa da, laguntza finantzario, armamentua eta Europar Batasunera eta NATOra atxikitzeko laguntza emanez, nahiz eta horrek Moskurekiko tentsioak areagotzea ekarri.

"Argi dago zaila dela Putin presidentearekin inolako elkarrizketa politikorik izatea Errusiak Ukrainaren aurkako gerra erasokorrarekin jarraitzen duen bitartean; beraz, ez dut inolako komunikaziorik ikusten harekin edo Errusiako agintari politikoekin etorkizun hurbilean", adierazi du.

Errusiak Ukrainan egindako inbasioaren ondorioz, Finlandiak bere ohiko neutraltasuna utzi zuen 2021ean, eta segurtasun berme handiagoak izateako, NATOn sartu zen premiaz iaz eta AEBrekin alde biko lankidetza militarreko akordioa sinatu zuen, Moskuren haserrea piztuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Finlandia