Mundua -

GAZA, ERASOPEAN

Europako Batzordeak 50 milioi euro emango dizkio UNRWAri datorren astean, eta 2024ko dirulaguntza handitu du

NBEren agentziak esan du "une kritiko batean" iritsiko zaiola dirua, eta ohartarazi du "berebizikoa" izango dela funts guztiak jasotzea laguntza "operazioei eusteko".

Errefuxiatuen kanpaleku bat, Gazan. Argazkia: Efe
Errefuxiatuen kanpaleku bat, Gazan. Argazkia: Efe
Errefuxiatuen kanpaleku bat, Gazan. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordeak iragarri du 50 milioi euro emango dizkiola datorren astean Nazio Batuen Erakundearen Palestinako Errefuxiatuen Agentziari, eta premiazko laguntza handitu egingo duela 82 milioi euroraino 2024an.

Batzordeak agiri batean jakinarazi duenez, ez dizkio, beraz, dirulaguntzak etengo UNRWAri agentziako kide batzuek urriaren 7an Israelen aurka egindako atentatuetan parte hartu zutela zabaldu ostean; izan ere, NBEk neurriak hartu dituela eta Europako Batzordeak eskatutako baldintzak bete dituela egiaztatu omen du.

Horren harira, Nazio Batuen Erakundeko Barne Ikuskaritza Zerbitzuen Bulegoak irekitako ikerketa txalotu du, eta, era berean, Catherine Colonna ministro ohi frantziarrarekin talde independente bat osatzea goraipatu du.

Europako Batzordeak zehaztu duenez, 16na milioi euroko bigarren eta hirugarren dirulaguntzak "akordio horren ezarpen mailaren arabera" emango ditu; izan ere, dirulaguntzen ordainketa eteteko edo dirua berreskuratzeko aukera du "barne kontrolerako sisteman hutsuneak atzemanez gero".

Laguntza "une kritikoan iritsi da"

Philippe Lazzarini UNRWAren ordezkariak esan du Europako Batzordeak "laster" emango dion dirulaguntza "une kritikoan" iritsiko dela, eta ohartarazi du "berebizikoa" izango dela funts guztiak jasotzea laguntza "operazioei eusteko".

"Agentziak errefuxiatu palestinarrei lurralde osoan ematen dien oinarrizko eta hil ala biziko laguntzei eusteko esfortzua berretsiko du" diruak, gaineratu du Lazzarinik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa NBE Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Errefuxiatuak