Mundua -

Prentsa askatasuna

Kazetarien aurkako eraso eta jazarpenak jaitsi egin ziren iaz Europan, baina atxiloketak eta kartzelatzeak igo

Prentsa askatasunari buruz Europako Kontseiluak urtero egin ohi duen txostenaren arabera, bi kazetari hil zituzten Ukrainako gerraren berri ematen ari zirela. 2022an, 13 izan ziren eraildako kazetariak. Bestalde, 120 kazetari zeuden preso, tartean Pablo Gonzalez euskal herritarra.

Pablo Gonzalez da EBko herrialde batean kartzelatuta dagoen kazetari bakarra. EFE
Pablo Gonzalezen aldeko bilkura bat.
Pablo Gonzalez da EBko herrialde batean kartzelatuta dagoen kazetari bakarra. EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kazetarien kontrako eraso fisiko eta psikologikoek (hilketak barne) behera egin zuten 2023an Europan, Kazetaritzaren Babesa Sustatzeko Europako Kontseiluak duen Plataformak egindako azken txostenaren arabera. Kontrara, atxiloketek eta espetxeratzeek gora egin zuten. Hala, iaz 120 kazetari zeuden preso, gehienak Bielorrusia (38) eta Errusian (27). Aipatzekoa da, halaber, kazetari bakarra dagoela espetxeratuta Europar Batasuneko (EB) herrialde batean: Pablo Gonzalez euskal herritarra, eta beste bat, Julian Assange, Erresuma Batuan.  

Informazioaren profesionalak babesteko 15 bat GKEk osatutako plataformak kazetarien heriotzek eta prentsaren aurkako indarkeria kopuruak behera egin duela egiaztatu du, baina ohartarazi du "mehatxuen, presioen eta mugen aniztasuna gero eta handiagoa dela, eta "horien menpe egin behar dutela kazetariek beren lana".

Plataformaren arabera, iaz bi kazetari hil ziren Ukrainan gerraren berri ematen ari zirela, biak Errusiaren bonbardaketen ondorioz, eta hainbat zauritu ziren, 2022an zendutako 13ak baino askoz gutxiago. Europako komunikabideetako beste langile baten heriotza ere zenbatu zuten, zehazki Albaniako Top Channel TVko segurtasun langile batena, telebista horri eraso egin ziotenean.

Kazetarien osotasun fisiko eta psikikoaren aurkako erasoak prentsa-askatasunaren aurkako ekintzen laurdena baino gehiago dira, eta 2023an gora egin duten arren, atxiloketak eta espetxeratzeak ez dira % 17ra iristen. Iaz, guztira, 285 alerta argitaratu ziren mehatxu larriengatik edo informazio-askatasunaren aurkako erasoengatik, aurreko ekitaldiko 289 alerten antzeko kopurua.

Bestalde, 'Joera alderantzikatzeko garaia da' izeneko txostenaren egileek gogorarazi dute espioitzarako programa informatikoak (Pegasus aipatzen da berariaz) erabili direla kazetarien aurka Espainiako eta Frantziako estatuetan, Erresuma Batuan, Turkian, Hungarian, Grezian eta Azerbaijanen. Ildo horretan, plataformak horrelako gailuak erabiltzeari uzteko eskatu du.

Haien ustez, Europako Kontseiluko estatuek "kazetarien aurkako programa espioiak legez kanpo zabaltzeari uko egin behar diote" eta Giza Eskubideen Europako Hitzarmena bete behar dute. Hitzarmen horren arabera, sistema horietara joz gero, legez egin behar da, premiagatik eta proportzionaltasunagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Eguneko albisteak Albisteak Gobernuz Kanpoko Erakundeak Eskubide unibertsalak Europako herrialdei buruzko albisteak Kazetaritza