Mundua -

Kooperanteen hilketa

Sanchezek ez du baztertu neurri diplomatikoak hartzea, Israelek emandako azalpenak "eskasak" direla iritzita

Espainiako Gobernuko presidenteak azpimarratu duenez, "orain arte ezagutzen denaren arabera", Israelgo Gobernuak bazekien World Central Kitchen (WCK) gobernuz kanpoko erakudeak Gazan egin behar zuen "ibilbidea".

Pedro Sanchez, Mohammed bin Abdulrahman bin Jassim Al-Thani Qatarreko lehen ministroarekin. EFE
Pedro Sanchez, Mohammed bin Abdulrahman bin Jassim Al-Thani Qatarreko lehen ministroarekin. EFE
Pedro Sanchez, Mohammed bin Abdulrahman bin Jassim Al-Thani Qatarreko lehen ministroarekin. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ez du baztertzen Israelen aurrean neurri diplomatikoak hartzea, Jose Andres sukaldariaren gobernuz kanpoko erakundeari egindako erasoaren inguruan azalpen gehiagorik ematen ez badu. Sanchezen ahotan, orain arte emandakoak "guztiz onartezinak eta eskasak" dira.

Sanchezek azalpen gehiago eskatu ditu Mohammed bin Abdulrahman bin Jassim Al-Thani Qatarreko lehen ministroarekin egin duen agerraldian, Ekialde Hurbilean egin duen biraren azken egunean.

World Central Kitcheneko (WCK) langileen aurkako aire-erasoa astearte goizaldean egin zuten, gobernuburua Jordanian bisitan zegoela, eta handik "ikaratuta" agertu zen eraso "basati" horren aurrean. Era berean, Israeli azalpenak eskatu zizkion.

Israelgo Armadak eraso horri buruz egindako aurretiazko txostenaren arabera, ez zuen langile humanitarioak hiltzeko asmorik izan, eta erasoa "identifikazio oker" baten ondorio izan zen.

Sanchezen ustez, Israelgo Administrazioaren azalpenak "guztiz onartezinak eta eskasak" dira, eta bonbardaketaren zergatiari buruzko azalpen zehatzagoak ematea espero du.

Gainera, Sanchezek nabarmendu du, "orain arte ezagutzen denaren arabera", Israelgo Gobernuak bazekiela gobernuz kanpoko erakunde horrek Gazan egin behar zuen "ibilbidea".

Espainiako Gobernua Israelen aurrean erabaki diplomatikoren bat hartzeko aukera aztertzen ari ote den planteatzean, Tel Aviven azalpenen zain egoteko beharra azpimarratu du. "Hortik aurrera ikusiko dugu zer neurri hartuko ditugun Benjamin Netanyahuren Gobernuarekin", gaineratu du.

Bestalde, Sanchezek argi utzi du Palestina Estatu gisa "lehenbailehen" onartzeaz gain, "bakea lortzeko prozesuan ahalik eta eragin positiboena" izan dezan, Espainiako Gobernuak "Palestina Nazio Batuetan eskubide osoko kide gisa sartzea babestuko" duela.

NATOko idazkari nagusiaren gaitzespena

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak Israelen erasoa gaitzetsi du. "Gazan orain ikusten ari garena hondamendi humanitarioa da. Sufrimendua ikusten dugu, zibilak hiltzen ari direla ikusten dugu, langile humanitarioen aurkako erasoak ere ikusten ditugu, eta nik gaitzetsi egiten dut", esan du aliantza militarreko Atzerri ministroen bileraren ostean.

Stoltenbergen ustez, erasoak "erakusten du gerrak ondorio larriak dituela Gazan bizi diren errugabeen aurka eta baita langile humanitarioen aurka ere".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Gobernuz Kanpoko Erakundeak Ekialde Hurbila