Mundua -

Klima aldaketa

Klima aldaketaren aurka neurriak ez hartzeak giza eskubideak urratzen ditu, Estrasburgoko Auzitegiaren arabera

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak aintzat hartu du Suitzako adineko emakume talde batek jarritako salaketa eta Suitzako Gobernua zigortu du. Aitzitik, Estrasburgoko Auzitegiak ez du onartu Portugalgo gazte batzuek jarritakoa, herrialdeko auzitegietako bidea amaitu behar zutelako.

Gaia auzitegietara eraman zuten Suitzako emakume aktibistak. Argazkia: EFE
Gaia auzitegietara eraman zuten Suitzako emakume aktibistak.
Gaia auzitegietara eraman zuten Suitzako emakume aktibistak. Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Klima aldaketaren aurka neurriak ez hartzeak giza eskubideak urratzen dituela ebatzi du Estrasburgon egoitza duen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak. Zehazki, Suitzako Gobernuak klima aldaketaren ondorioak arintzeko neurriak hartu ez izanak bertako biztanleen giza eskubideen aurka egiten duela adierazi du.

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Suitzako adineko emakume talde batek herrialdeko gobernuaren aurka jarritako salaketaren alde egin du, askok historikotzat jo duten epai batean. 

Síofra O'Leary Europako Giza Eskubideen Auzitegiko presidenteak azaldu duenez, Suitzako Gobernuak salaketa aurkeztu duen Verein KlimaSeniorinnen elkarteko kide diren emakume horien giza eskubideak urratu ditu, klima aldaketaren aurka ustez daraman estrategiak "hutsune kritikoak" dituelako.

Gauzak horrela, auzitegiko epaileek ebatzi dute Suitzak ez dituela nahikoa neurri hartu klima aldaketak adineko emakume horiengan (erdiek baino gehiagok 75 urte baino gehiago dituzte), eta, oro har, biztanleria osoarengan dituen kalteak arintzeko.

Horrez gain, epaileek ondorioztatu dute Suitzak ez duela behar beste egin negutegi efektuko gasak murrizteko ezarritako helburuak betetzeko. 

Are gehiago, iraganean ere karbono emisioak mugatzeko helburuak ez dituela bete nabarmendu dute.

suitza

Aitzitik, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ez du onartu sei gazte portugaldarrek, arrazoi beragatik, Portugalen eta Europako beste 31 estaturen kontra jarritako salaketa. Kasu horretan, auzitegiak ebatzi du Estrasburgora jo aurretik, lehenik, herrialdeko auzitegietako bidea amaitu behar zutela.

Hortaz, epaileek ez dute auziaren mamia aztertu.

Gazteek argudiatu zuten klima larrialdiak arau juridiko horretatik salbuesten zituela, baina auzitegiak ez du tesi hori onartu.

Suitzako adineko emakumeen eta Portugalgo sei gazteren salaketaz gain, bada klima aldaketari lotutako hirugarren salaketa bat, hain zuzen ere, Frantziako Gobernuaren aurka jarritakoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Munduko albisteak gaur Europar Batasuna Europako herrialdei buruzko albisteak Frantzia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Suitza Lisboa azken ordukoa Ingurumena albisteak Eskubide unibertsalak Lurra Larrialdi klimatikoa 2024 COP28 Dubai (Arabiar Emirerri Batuak) Giza Eskubideen Europako Auzitegia Epaiketak argazkiak