Mundua -

Ekialde Hurbila

Iranek Israelen aurka egindako erasoa gaitzetsi dute G7ak eta Europar Batasunak

"Aurrekaririk gabeko eraso hori" aho batez gaitzesten dutela adierazi du Charles Michelek sare sozialen bidez. EBko 27 herrialdeak, bestalde, laguntzeko prest agertu dira gatazka arintzeko bidean.

Joe Biden (eskuinean), G7 buruzagiekin hizketan (pantailetan). Argazkia: Etxe Zuriaren X (Twitter)
Joe Biden (eskuinean), G7 buruzagiekin hizketan (pantailetan)
Joe Biden (eskuinean), G7 buruzagiekin hizketan (pantailetan). Argazkia: Etxe Zuriaren X (Twitter)

agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

G7ko buruzagiek, Italiako Presidentetza buru, "aho batez" gaitzetsi dute Iranek Israelen aurka burututako "aurrekaririk gabeko" erasoa.

Europako Batzordeko presidente Charles Michelek G7aren goi bileran hartu du parte bideodei bidez gaur arratsaldean, eta sare sozialetan zabaldu du mezua gero: "Aho batez gaitzesten dugu erasoa, eta euste ariketa egitera deitzen ditugu bi aldeak".

"Guk gure aldetik eginahalak egingo ditugu gatazka arindu dadin. Gazako krisia lehenbailehen bukatzea gura dugu, su-etena ahal bezain pronto iristea", esan du arratsaldeko hitzorduan. Italia, AEB, Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Japonia eta Kanada estatu kideetako estatuburu eta gobernuburuek hartu dute parte bertan.

Europar Batasunak erasoa gaitzetsi du

"Irmoki gaitzetsi nahi dugu Iranek Israelen aurka, droneak eta misilak erabilita, egin dituen erasoak. Maila gorenera heldu da indarkeria, eta segurtasuna mehatxupean dute", esan du Josep Borrell EBko Atzerri Politikaren buruak ohar baten bidez, EBko 27 herrialdeen izenean.

"Herrialde guztiok Israelekin dugun konpromisoa berretsi nahi dugu. Indarkeria testuinguru tirabiratsu honek ez dio inori mesederik egiten", erantsi du.

"Laguntzeko prest jarraitzen du EBk, eta alde guztiekin harremanetan dago, indarkeria moteltzeko asmoarekin", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Atentatuak Eguneko albisteak Albisteak Iran Israel G7 goi-bilera Ekialde Hurbila gaur