Mundua -

EKIALDE HURBILA

Iranek ziurtatu du Israelen aurkako erasoaren helburua ez dela izan Ekialde Hurbilean tentsioa areagotzea

Joan den larunbatean, Iranek misilak eta droneak jaurti zituen Israelen kontra, azken horrek apirilaren 1ean Damaskon kontsulatu irandarra bonbardatu ondoren.

Iranek joan den larunbatean Israelen kontra jaurtitako misiletako bat. Argazkia: EFE
Iranek joan den larunbatean Israelen kontra jaurtitako misiletako bat.
Iranek joan den larunbatean Israelen kontra jaurtitako misiletako bat. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iranek ziurtatu du Israelen kontra asteburuan egindako erasoaren helburua ez dela izan Ekialde Hurbilean tentsioa areagotzea. Eraso hori "beharrezkoa, neurrizkoa eta helburu militarren kontrakoa" izan zela erantsi du. "Iranek ez du bilatzen eskualdean tentsioa areagotzea", esan du Nase Kanani Irango Gobernuko Atzerri Ministerioko eledunak, Teheranen egin duen agerraldi batean.

Esan duenez, Iranek "inoiz baino indartsuago erantzungo die aurkariaren legez kanpoko ekintzei". Argi esan du, baita ere, bakea eta segurtasuna oinarri dituen Nazio Batuen Gutunarekin bat egiten duela herrialdeak. Beste behin, gogor gaitzetsi du Israelek apirilaren 1ean Damaskon egindako erasoa; zortzi pertsona hil ziren enbaxada irandarraren aurkako bonbardaketan. Horren harira, Kananik adierazi du falta botatzen duela nazioartearen babesa, tartean, NBErena edota AEB, Erresuma Batua eta Frantzia herrialdeena.

Bestalde, Israelen kontrako erasoagatik Iranek jaso ditzakeen ondorioei dagokienez, bozeramaileak eskatu du "Iranen moderazioa aintzat hartzeko". "Gure herrialdeak azken hilabeteotan bakearen eta segurtasunaren alde erakutsi duen jarrera hartu beharko lukete kontuan", gehitu du.

Gutxienez, bederatzi herrialderekin abiatu ditu Iranek elkarrizketa diplomatikoak, asteburuko erasoen ondotik. Israelen erasoen aurrean, geldirik ez direla egongo eta erantzun egingo dutela azaldu du.

Bere aldetik, Israelgo Gobernuak ez du bere jarrera ezkutatu: erantzuteko prest agertu da, "ekintzekin, eta ez hitzekin". Lehenaz gain, egoera oso larria da, beraz, Ekialde Hurbilean, eta gerrak beste koska bat gora egin dezakeela uste dute aditu askok. Hau da, Israel Gazan egiten ari den inbasioa inguruko herrialdeetara zabaltzeko arriskuaz ohartarazi dute.

Goizetik, bilduta dago Israelgo Gerra Kabinetea eta bertan erabakiko dute Irani emango dioten erantzuna. Ondorengo orduotan jakitea espero da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Eguneko albisteak Albisteak Iran Israel