Mundua -

Ekialde Hurbila

NBEko errelatoreak: "Israelek Nazioarteko Zuzenbidea urratu zuen Irango Kontsulatuaren aurkako erasoan"

Era berean, azpimarratu dute Irango agintariek nazioarteko legeak ere urratu zituztela Israelen kontrako errepresalian.

Irango Kontsulatuaren aurkako bonbardaketaren ondorioak, Damaskon (Siria). Argazkia: EFE
Irango Kontsulatuaren aurkako bonbardaketaren ondorioak, Damaskon (Siria). Argazkia: EFE
Irango Kontsulatuaren aurkako bonbardaketaren ondorioak, Damaskon (Siria). Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazio Batuen Erakundeko errelatoreek gaur azaldu dutenez, Israelek Nazioarteko Zuzenbidea urratu zuen apirilaren 1ean, Siriako hiriburuan, Damaskon, Irango Kontsulatuaren aurka egindako bonbardaketarekin. Eraso horren ondorioz, Teheranek dronez eta misilez erantzun zuen larunbatean Israelen aurka.

"Herrialde guztiek debekatuta dute modu arbitrarioan pertsonei bizitzeko eskubidea kentzea atzerriko operazio militarretan, baita terrorismoaren aurkako operazioetan ere", esan dute, eta "atzerriko lurraldeko hilketak arbitrarioak dira Nazioarteko Zuzenbideak baimentzen ez dituenean".

Hala, argudiatu dute Israelek ez duela bere burua defendatzeko erasorik egin, ez duelako frogarik aurkeztu Iran "eraso armatua" egiten ari zela esateko, eta azpimarratu dute Israelgo agintariek ez dutela bonbardaketaren legezko justifikaziorik aurkeztu edo Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluari horren berri eman, NBEren Gutunaren 51. artikuluak jasotzen duen bezala.

"Hori dela eta, Israelen erasoak beste estatu baten aurka indar armatua erabiltzeko debekua urratu zuen, Gutunaren 2 (4) artikuluaren arabera", azaldu dute, eta "legez kanpoko indarra ez zen Irango Indar Armatuen aurka soilik erabili, baita Siriaren aurka ere".

Ildo horretan, gogorarazi dutenez, "Israelek erasoa partzialki Golango gainetatik abiatu zuen, legez kanpo anexionatutako Siriako lurraldetik, hain zuzen ere". Errelatoreek azpimarratu dute erasoan parte hartu zutenek krimenak egin ahal izan dituztela, 1971ko terrorismoaren aurkako nazioarteko itunaren arabera.

"Delitua da diplomazialari baten instalazio ofizialei edo ostatu pribatuari eraso egitea, arriskuan jar baitezakete. Iran, Israel eta Siria itun horren parte dira, eta delitu mota horien gaineko jurisdikzio penala dute", nabarmendu dute.

Bestalde, Iranek emandako erantzunari buruz, apirilaren 1eko bonbardaketa "eraso armatutzat" jotzeko bezain larria izan bazen ere, Teheranek apirilaren 13an bere burua defendatzeko eskubiderik ez zuela argudiatu dute errelatoreek, erasoa jadanik amaituta zegoelako.

Hala, azpimarratu dute defentsa soilik dela legezkoa martxan dagoen eraso bat gelditzeko beharrezkoa denean, eta gaineratu dute "indarrez erantzutea, zigorra edo disuasioa legez kanpokoak" direla. Era berean, adierazi dute, apirilaren 13ko erasoen ostean defentsarako hasierako eskubidea agortuta zegoela, behin Israelen erasoa bukatu ondoren.

"Eraso horiek estatuaren subiranotasuna urratzen dute, eta gatazka areagotzea, jadanik kinka larrian dagoen eskualde batean", ohartarazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NBE Eguneko albisteak Albisteak Iran Israel Siria Ekialde Hurbila