Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Ui, ui, ui, a zer nolakoa bota duen Merkelek

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Oso kontu potoloa esan du Merkelek: Europa ezin da fio ez AEBekin ezta Erresuma Batuarekin ere, eta bere kasa aritu beharko du hemendik aurrera.

Adi Angela Merkelek esan duenarekin, oso kontu potoloa da eta: Europa ezin da fio ez Ameriketako Estatu Batuekin (AEB) ezta Erresuma Batuarekin ere, eta bere kasa aritu beharko du hemendik aurrera. Horixe da NATO eta G-7ko goi-bileretan Donald Trumpekin batzartu ondoren atera duen ondorioa. Trumpek argi utzi du AEBren interesak defendituko dituela eta gainerakoa bost inporta zaiola.

Adibiderik argiena aldaketa klimatikoaren kontrako Parisko akordioarena da. G-7ko herrialde guztiek dute hitzarmena sinatuta, baina Trumpek berau utzi egingo duela egin du mehatxu. Hala egingo balu, beroketa efektuari aurre egiteko egindako nazioarteko ahalegin guztiak ezerezean geratuko lirateke. Trumpek ez die azken erabakiaren berri eman aliatuei aurrez aurre. Atzeratu egin du iragarpena. Washingtonera itzulita emango du erabakiaren berri, aste honetan.

Merkelek arrazoi du. AEBk eta Erresuma Batua buru dituen eta Kanada eta Australia ere biltzen dituen bloke anglosaxoia da mundua zuzentzen duena. Eta kasu askotan haren interesak Europakoen kontra daude. Horren adibide da, esate baterako, Echelon sarea, zeinaren bitartez aliatu europarrak zelatatzen dituzten. Beraz, egia da Europak bere buruaz arduratu beharra daukala. Baina jakina, Alemaniak zuzendutako Europa nahi du Merkelek, eta horrek, egia esan, ez du berme handirik ematen, euroaren krisiak agerian geratzen ari denez.