Itxi

Juanjo Sanmiguel

Analisia

Nazioarteko harremanak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

- Erredakzioa -

"Terrorismo islamiarra" deitzen dugun horren historia egingo bagenu, lehendabizi idatzi beharko genuke talde horiek Afganistanen sortu eta indartu zirela, okupazio sobietarraren aurkako borrokan.

Hiztegian begiratuz gero, diplomazia hitzaren azpian kontrakoak diruditen adierazpenak azaltzen zaizkigu: Estatuen arteko harremanak finkatzen dituen zientzia alde batetik; trebetasuna, azkartasuna eta itxurakeriaz jokatzeko abilezia bestetik.

Saudi Arabiak eta bere aliatu arabiarrek Qatarko agintariei kontu hartu diete azken urteetan izandako jokaeragatik. Erakunde terroristei laguntza, babesa eta baliabideak eman izana leporatu diote, eta baldintza gogorrak jarri betiko harremanak berreskuratu eta normaltzeko.

Estatu Islamikoak, Al-Qaidak eta munduan diren talde armatu eta erakunde terroristen ekintzak, sarraskiak eta gehiegikeriak, talde horien ardura eta erantzukizuna dira bakar bakarrik. Baina XXI. mendean Arabiako Gobernuak adierazi eta bere diplomaziak zabaldu duena gutxienez eztabaidagarria da, eta hitzak zehaztuko bagenitu hipokrisia bakarrik azalduko litzaiguke.

Egia da Qatarko agintariek laguntza eman dietela Nazioarteko Erakundeek terroristatzat dituzten taldeei, Sirian, Tunisian, Libian eta Iraken besteak beste, baina azken 30 urteetan, oro har, "terrorismo islamiarra" deitzen dugun horri buruzko historia laburra egin beharko bagenu, lehendabizi idatzi beharko genuke talde horiek Afganistanen sortu eta indartu zirela, okupazio sobietarraren aurkako borrokan. Garai haietan Estatu Batuek Sobiet Batasuna zuten etsai nagusi, eta esaerak diona egi bihurtu zuten: "etsaiaren etsaiak lagunak dira".

Saudi Arabiak gerra hura erabili zuen bere ideologia eta eragina nazioartera zabaltzeko, eta ondoren leialak izango zitzaizkion taldeak indartzeko. Afganistanen ondoren Aljerian azaldu zitzaizkigun talde hauek, han ere Arabia eta Golkoko Emirerrien itzala azaltzen zaigu talde armatu islamiarren atzean.

Jugoslaviako gerran, bosniar asko musulmanak zirela ohartu ziren laguntzak nondik jasotzen zituzten eta meskitak zeinek eraikitzen zituen ikusterakoan.  Estatu Batuek, Frantziak eta Erresuma Batuak "talde terroristen" jarduera sarri bideratu dute euren interesen arabera, batez ere Afrikan eta Ekialde Hurbilean.

Talde armatuen sorreran eragile asko izan ohi da, ondoren erakunde horiek hartzen duten bidea, bat edo beste izan liteke erakusten duten indarra eta lortzen dituzten aliatuen arabera. Baina azken urteetan munduan sortu diren talde armatu islamiar indartsuenek gobernuen, enpresen eta nazioarteko erakunde zenbaiten laguntza, oniritzia eta babesa izan dituzte.

Gaur egun, Ekialde Hurbileko gatazka guztietan, talde horiek borrokan ari diren lekuetan, bertako gobernu guztiek eta Mendebaldeko nagusiek esku-hartze zuzena edo zeharkako parte-hartzea dute. Leherketek, berriz, negarra eragiten dute leku batzuetan, eta poza bestetan.

poza bestetan.