Publizitatea
X

Irratia zuzenean

Juanjo San Miguelen analisia: Historia

Albisteak

Analisia

Historia

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

- Erredakzioa -

2017/08/04

Historiak ez digu ezer argitzen, ez dizkigu egungoa konpontzeko tresnak ematen. Bakar bakarrik erakusten digu antzerako egoeratan, gizaki gehienok antzerako jokaera izan ohi dugula.

  • Partekatu
  • Bidali

Iruzkinak

Historia ez omen da iraganean gertatutako zerbaiten kontakizuna,  izandako hartaz herri edo gizatalde bakoitzak sortutako irudia baizik.  Historia zientzia omen da, baina bizi, gogoratu edo kontatu diguten hura zehazterakoan ezinezkoa zaigu ados jartzea. Hori garrantzirik gabeko gertuko bizipenetan gertatzen bazaigu, milaka eta milaka pertsonak parte hartutako gerra, gatazka edo mugimenduetan kontakizun bateratua lortzea amets hutsa da, benetako kimera.

Orain dela 35 urte, Malvinak edo Falkland izeneko uharteetan gerra harrigarri samarra izan zuten Argentinak eta Erresuma Batuak. Borroka zergatik hasi zen edo izan zituen ondorioak alde batera utzita, aurretik, ondoren eta urte asko pasa eta gero, bi aldeek diote arrazoi osoa zeukatela gerrara joateko.

Malvina uharteak Argentinako kostatik 400 kilometrora daude eta Britainia Handitik 11 milara. Nazio Batuen hitzarmenak eta eskubide aldarrikapenak oinarritzat hartuta Argentinak dio lur okupatuak direla, bereak direla eta eskubide guztia duela egin beharreko guztia egiteko artxipelagoa berreskuratzeko. Nazio Batuen hitzarmenak eta eskubide aldarrikapenak oinarritzat hartuta, Erresuma Batuak dio Falkland uharteetako biztanleek autodeterminazio eskubidea dutela eta galdera egin zaienean aho-batez  adierazi dutela euren borondatea. Malvinak espainiarrak, frantsesak, argentinarrak eta britainiarrak izan dira, beti indarrak erabaki du zer ziren une bakoitzean. Baina denborak zilegitasuna eman ohi dio iraganari egoera aldatzen ez bada, jatorria beti eztabaidagarria delako.

Migrazioei buruz hitz egiten dugunean “gu” eta “beste horiek” bereizten ditugu behin eta berriz. ”Gu” hemen ginenak omen gara eta “besteak” kanpotik etorritakoak. Baina noiztik aurrera kontrajarri daitezke bi talde horiek? Zeinek neurtzen du denbora? Noren esku dago bat hemengoa dela eta bestea kanpokoa erabakitzea? . Gizakia gizaki denetik mugitu izan da, guztiok gara migratzaileak, gu edo gure aurrekoak kanpotik etorri zirelako.  Gaur egungo lurralde antolaketa guztiak indarraren erabileraren ondorio dira, kanpotik etorritakoen aurretik beti zegoen bateren bat, eta bi giza talde elkartu ohi direnean gatazka ezinbestekoa da. Baina zerk eman edo kentzen digu zilegitasuna? Noiztik aurrera bihurtzen da “gurea” besteei kendutakoa? Eta zeinek erabakitzen du egungo legeen aurretik egindakoa onartu beharra dagoela?

Historia beti momentuko interesen arabera kontatzen dute herriek eta gizakiek, eta beti une horretako baldintzen arabera azpimarratzen dugu gertakizun bat, edo dugu kaltegarri izan litekeena ezabatu. Historiak ez digu ezer argitzen, ez dizkigu egungoa konpontzeko tresnak ematen. Bakar bakarrik erakusten digu antzerako egoeratan, gizaki gehienok antzerako jokaera izan ohi dugula.

Iruzkinak

Publizitatea
Publizitatea

NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN
Erreportajeak Aktualitateari buruzko elkarrizketak. Erreportajeak
Publizitatea
Publizitatea

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
        Kargatzen ikusiena