Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Bi ergel baino ez

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

AEBk eta Ipar Koreak elkarri eraso egiteko asmoak azaldu dituzte, gerra batean etsaia ustekabean harrapatzea denean. Gerta dakigukeen onena berritsukeria izatea.

Egoera surrealista da. Ipar Koreak xehetasun osoz azaldu du nolakoa izango den Ameriketako Estatu Batuen (AEB) base militar garrantzitsuetakoak dituen Guam uhartearen aurkako erasoa. 17 minutuko hegaldia egin, Japoniaren gainetik pasatu eta itsasora (ez uhartearen gainera) eroriko diren lau misil izango dira. Hau da, abisu gisako erasoa. AEBk ere azaldu du nolakoa izango den Ipar Korearen aurkako erasoa. Sei  B-1B gerra hegazkinek misilak jaurtitzeko erabiltzen diren 24 gune militar suntsituko dituzte. Ez da eraso nuklearra izango, B-1B hegazkinak ez baitaude bonbat atomikoak eramateko prestatuak.

Esan ohi da gerra batean funtsezkoa dela etsaia ustekabean harrapatzea, baina Kim Jong-unek eta Donald Trumpek lau haizetara zabaldu dituzte euren asmoak. Gerta dakigukeen onena da euren jendea gustura edukitzeko berriketa hutsa izatea guztia. Hauteskunde kanpainan agindu bezala AEB aurretik dagoela erakutsi nahi du Trumpek eta 'handiak' izango direla berriro. Kimek amerikarren aurkako paranoia indartu nahi du, horri esker baitaramatza Kimdarren dinastiak 70 urte boterean. Hobe horrela izan dadila edo, gutxienez, estrategiaren bat izan dezatela. Gerta dakigukeen txarrena da bi ergel baino ez izatea.