Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Garaipena

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Siria mundu gerra bilakatu da, ez dago irabazlerik, itxuraz; galtzaile bakarrak siriarrak dira, beraiek jarri dituzte sufrimendua eta hildakoak, beste guztiek xake partida jokatu duten bitartean.

Gerra hotsak gero eta ozenagoak dira iparra galduta dirudien mundu nahasi honetan. Urtetan, ezinezko oreka irudikatzen zuen botere banaketak, lilura hutsean oinarritutako lasaitasuna islatzen zuen. Baina Ameriketako Estatu Batuetan (AEB), parodia zentzugabeenaren protagonista dirudien presidentea aukeratu zutenetik, munduan indarra eta lidergo sendoak aldarrikatzen hasi garenetik, Putin, Erdogan eta Xi Jinping eredugarri direnetik, badirudi edozer gauza gerta litekeela.

George Bernard Shaw idazle britainiarrak esan omen zuen gerrak ez duela erabakitzen zeinek duen arrazoia, zein geratzen den baizik, zein den garailea, alegia. Gerra gizakion zorigaiztoko jarduera da, bi hanken gainean jarri eta eskuak tresnak erabiltzeko askatu genituenetik, baina azken urtetan gerrak egiteko eta amaitzeko moduak, erabat aldatu dira.

Bigarren Mundu Gerraz geroztik izandako gatazka gehienetan ez da bake akordiorik sinatu. Enfrentamenduak ez dira hasten aldarrikapenaren ondorioz, lehen tiroaren ondoren baizik. Eta gerra gehienak badirudi ez direla sekula bukatzen. Bi Koreen arteko gerran ez dute oraindik bake akordiorik sinatu, gauza bera esan daiteke Israel eta palestinarren arteko gatazkaz. Irak eta Afganistango gerrek amaierarik gabeak dirudite. Siria, aldiz, mundu gerra bilakatu da, ez dago irabazlerik, itxuraz; galtzaile bakarrak siriarrak dira, beraiek jarri dituzte sufrimendua eta hildakoak, beste guztiek xake partida jokatu duten bitartean. Orain, xake partida lehertu eta alde guztiak zipriztindu litzake, anabasa Siriako mugetatik harago zabalduaz.

Azken urtetako gerratan ez da irabazlerik izan, baina bai galtzaile nabarmenak. AEBk eta mendebaldeak erakutsi dute egiten dituzten mehatxuak beldurgarriak direla, beraiek ez dute irabaziko, baina erasoa jasan duena beti izango da galtzailea. Normalean garaipena edo arrakasta neurtzeko, lortutakoak edo iritsitako tokiak ez digute adieraziko irabazle ote garen, abiapuntuak eta jarritako helburuek erakutsiko dute hori. Leku berera iritsitako bi pertsona kontrako taldeetan izan litezkeelako, espero zutena eskuratu badute ala xede izandako horretatik urruti badaude oraindik.

Orain dela 2.500 urte, Sun Tzu pentsalari eta militar buru txinatarrak adierazi omen zuen bikaintasunaren adierazle nagusia dela, garaipena lortzea borroka egin gabe, eraso egiteko beharrik izan gabe.