Itxi

Juanjo Sanmiguel

IRUZKINA

Afganistan

JUANJO SAN MIGUEL

JUANJO SAN MIGUEL

Egun hauetan urte bat bete da Estatu Batuek Kabultik ihes egin zutenetik. Afganistan berriro bihurtu da geopolitikaren borroka leku, bertakoen oraina eta etorkizuna inori axola ez bazaio ere.

Egun hauetan urte bat bete da Estatu Batuek Kabultik ihes egin zutenetik. Munduko armada indartsuena, atzean uzten zuenari begiratu gabe arrapataka hegazkinetara igo zen, okupazio urtetan lankide izandakoei jaramonik egin gabe, talibanen mendekuen beldur zirenak babesik gabe utzita. 1975an Saigonen ikusitako irudiak gogora ekarri zizkiguten Kabulgo aireportukoek. Dirudienez inork, ezta jakintsu eta aditu jantzienek ere, ez zuen horrelakorik espero, hain azkar eta era harrigarri horretan, egoera irauli eta 21 urtetan ezer gertatu ez balitz bezala, irteera marrara itzultzea.

Afganistan inperioen hilobi izan dela diote historiagileek. Ziur aski hala da, baina historian zehar bertara joandako beste konkistatzaileek ez zuten estatubatuarrek egindakoaren laurdena ere egingo eta hain emaitza penagarriak izateko. Estatu Batuek eta bere aliatuek Afganistani eraso egitea erabaki zuten, bertan babesa izan zutelako Dorre Bikien aurkako atentatuak egin zituztenak, eta ziur aski eraso horiek bertan antolatu zituztelako. Talibanak botatzea eta gerra irabaztea ez zen zaila izan, baina bakea lortu eta etorkizuna antolatzea ezinezkoa bihurtu zaie ustez herrialde demokratikoa eraikitzera joan zirenei.

21 urte hauetan Estatu Batuek 2 bilioi dolar xahutu dituzte Afganistanen, 300 miloi egunean. Afganistanen inoiz izan den armada zabalena eratu zuten, arma berrienez eta eraginkorrenez hornitu zituzten bertako soldaduak. Eskolak ireki zituzten eta emakumeak gizartean dagokion lekua berreskuratzeko ahalegina egin zuten… baina guztia hondarrezko gaztelua bailitzan egun batetik bestera erori da. Bertakoen eta kanpokoen ustelkeria, gehienen konpromisu falta, sinesmena, denboraz kanpo bizi den zuzendaritza, gaur egungo lorpenak eskuratu nahi dituzten kanpotarrek bultzatuta…

Afganistan berriro bihurtu da geopolitikaren borroka leku, bertakoen oraina eta etorkizuna inori axola ez bazaio ere. Talibanek berriro bandera beltza altxatu eta astindu dute. Hasieran beste zerbait agindu bazuten ere, euren sustraietara itzuli dira, garai ilunenetara, emakumea, eskubideak eta itxaropena existitzen ez diren denboretara. Eta itxuraz irteera marrara itzuli bagara ere, askoz atzerago joan garela esan genezake, zerbait alda zitekeela sinistu, eta berez zerbait aldatu zutenak esku hutsik daudela ohartu direlako. Irakasleak, epaileak, medikuak, beste edozein gizartetan arruntak diren lanbideak izan dituzten emakumeek ihes egin behar dute, harrapatu ezkero zigorra dutelako, "normalak" izaten ausartu zirelako, zer egiteko gai diren erakutsi zutelako.

Putzu beltzetik irteten hasita gero, berriro lokatzera erortzea ez da lehengo lekura itzultzea, egindako ahaleginaren antzutasuna egiaztatzea baizik, etorkizunik ez dagoela jabetzea. Hor erruduna mendebaldea da, askatasuna agindu genielako eta zama astunegia egin zaigunean bakarrik utzi ditugulako. Eta ziur aski, han izandako jokaerak eta azaldutako irudiak eraman zuen Vladimir Putin, garaipena posible zela sinistera.