Politika -

Ustezko xantaia

Asiain harrituta agertu da, Cerverak kasua salatu ez zuelako

Nafarroako Aurrezki Kutxaren presidenteak azpimarratu duenez, "akusazio faltsu batean oinarrituta xantaia egiteko ahaleginaren aurrean", salaketa jartzea zen aukera bakarra.

Jose Antonio Asiain Nafarroako Aurrezki Kutxako presidentea. Argazkia: Efe
Jose Antonio Asiain Nafarroako Aurrezki Kutxako presidentea.
Jose Antonio Asiain Nafarroako Aurrezki Kutxako presidentea. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Antonio Asiain Nafarroako Aurrezki Kutxako presidenteak azpimarratu duenez, "akusazio faltsu batean oinarrituta xantaia egiteko ahaleginaren aurrean", salaketa jartzea zen aukera bakarra; hori dela eta, harrituta geratu da Santiago Cervera PPko diputatuak berdin jokatu ez zuelako.

Asiainek azaldu duenez, pertsona anonimo batek mezu elektroniko bat bidali zion abenduaren 5ean. Mezu horretan 25.000 euroko ordaina exijitzen zion Nafarroako Kutxaren presidenteari, bestela aurrezki kutxaren bitartez bera eta bere semea aberasten ari zirela emango zuelako argitara.

Gertatutakoa salatu ostean, Guardia Zibilak ikerketak abiatu zituen eta atzo Santiago Cervera PPko diputatua atxilotu zuten. Cerverak berak blogean azaldu duenez, Nafarroako Aurrezki Kutxaren inguruko informazioa eskaintzen zion mezu bat jaso zuen eta hitzordua egin zuen lekuan atxilotu zuten.

"Kontu honetan ni naiz biktima, salatzailea eta akusazioa, ez naiz epailea, eta ez dut Santiago Cervera epaituko, are gutxiago PP osotasunean; izan ere, badakit pertsonak eta alderdi politikoak bereizten", adierazi du Asiainek Cerveraren atxiloketaz galdetu diotenean.

Asiainen arabera, "harrigarria" da Cerverak salaketarik jarri ez izana edo mezu horren berri izan ondoren alderdikideei jakinarazi izana.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea