Politika -

CAN auzia

Parlamentuan ikerketa batzordea eratzea eskatu du Kontuz!ek

Elkarteak "osasun publikoa sustatzeko neurriak" eskatu ditu, eta gogor kritikatu du Parlamentuan ikerketa batzordea ez sortzea.

Kontuz!ek deituta manifestazioa, Iruñean. Argazkia: EITB
Kontuz!ek deituta manifestazioa, Iruñean.
Kontuz!ek deituta manifestazioa, Iruñean. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kontuz! elkarteak gogor salatu du Nafarroako Aurrezki Kutxa fundazio bihurtzeko prozesuan dagoen "beldurra" eta "zigorgabetasunaren defentsa". Hori horrela, "osasun publikoa sustatzeko neurriak" eskatu ditu, eta Parlamentuan ikerketa batzordea sortu ez izana gaitzetsi du.

Patxi Zamora erabiltzaile, kontsumitzaile eta zergadunen elkarteko bozeramaileak Parlamentuan egin du agerraldia, elkarteak Yolanda Barcinaren, Miguel Sanzen eta Enrique Goñiren kontra, CANeko kudeaketagatik, salaketa jarri ostean.

Zamorak azaldu duenez, ez dute CAN auzia salatzeko "legezko beharrik izan, duintasunagatik" egin dute, eta Parlamentuko alderdiek ikerketa batzorde bat ez eratzea erabaki zutenez, ekimena hartu dute.

Gainera, herritarren babesa jasotzen ari direla eta nafarrak "esnatzen" hasiak direla azpimarratu du, izan ere, Kontuz!ek "siglen gainetik gehiengo soziala batzea" lortu duela adierazi du, eta ezker abertzalearekin lotzen duten adierazpenak gezurtatu ditu.

Ikerketa batzorde bat eratu izan balitz Kontuz!en jarduera ez zela beharrezkoa izango azpimarratu ondoren, egindako salaketei erantzuteko deia egin die agintariei. Hori horrela, CANen "kudeaketa megalomanoak emaitza txarrak" eman dituela eta Enrique Goñi Nafarroako gizarteak ez, Miguel Sanzen Gobernuak izendatu zuela presidente gogorarazi du.

Zamorak elkartearen helburua zein den zehaztu du: "Kontuz!en helburua ez da UPNren Gobernuak porrot egitea, baizik eta zuek guztiek, herritarren ordezkari zareten heinean, egin dituzuen ekintzen azalpenak ematea, ondorioak ondorio, izan ere, historia ahazten duenak akatsak errepikatuko ditu. Horixe gertatu da Nafarroan".

Hori dela eta, eta dimisioak eta prozesu judizialak izan diren arren, Gobernuak ikerketa batzordea errefusatzea eta hori egiteko "proposatzen dutenen ustezko jatorri ideologikoan oinarritzea" salatu du.

Alderdiak

Alderdi politikoen txandan, Bilduk, NaBaik, I-Ek eta PPk Parlamentuan ikerketa batzordea osatzea aldarrikatu dute berriro, eta PSNri jarrera aldatu eta ekimen hori babesteko deia egin diote.

Maiorga Ramirezek (Bildu) Nafarroako Kutxak galdu dituen mila milioi euroak izan ditu hizpide, eta "diru hori nola desagertu den" ezkutatu nahi dutela azpimarratu du. Ekintza horietan CANen kontseiluaren babesa izan zutela eta orain "bertan zeudenek erantzun behar dutela" iritzi dio.

Txentxo Jimenezek (NaBai) gaineratu duenez, "kudeaketa txarra ustelkeriarekin batera joan da: luxuzko bidaiak, dietak, soldata gehigarri handiak eta kreditu bigunak". "Diru publikoaren orgia bat" izan da CANen kudeaketa, Jimenezen esanetan, eta horretan "arduradun politikoen babesa edo pasibitatea izan dute lagun".

I-Eren aldetik, Jose Miguel Nuinek gogorarazi du CANen "jabetza" Nafarroako gizarteari dagokiola, eta "izan diren erabakiak zeintzuk izan diren eta nortzuk hartu dituzten jakiteko eskubidea" dutela herritarrek.

Carlos Garcia Adanero UPNren bozeramaileak berriro errefusatu du ikerketa batzordea eratzea: "Konfiantza dugu justiziarengan, objektiboa delako".

Juan Jose Lizarbek (PSN) ohartarazi du Kontuz!en "balorazioak partzialak" direla, eta gaurko agerraldian informazio gutxi eta "iritzi asko" eman dutela. Gainera, ikerketa batzordea baztertu, eta Parlamentuko agerraldien formula egokia dela iritzi dio.

Ana Beltranek (PP) gogorarazi du ikerketa batzordea eratzearen alde dagoela, "oso kritikoa" baita CAN auziaren ezaugarri batzuekin eta "gardentasun faltagatik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea