Politika -

Kongresua

Gardentasun legea alderdiei ere ezarriko zaiela iragarri du Rajoyk

Rubalcabak dimisioa eskatu dio Rajoyi, eta presidenteak, horrelako ezer esan ahal izateko, kontuetan gardentasuna eskatu dio.

Mariano Rajoy Kongresuan. EFE
Mariano Rajoy Kongresuan.
Mariano Rajoy Kongresuan. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak iragarri du gardentasun legea alderdi politikoei ere ezarriko zaiela.

Kongresuko kontrol saioan egin du iragarpena, Rosa Diez UPyDko buruak ustelkeriaren inguruan egin dion galdera bati erantzunez.

"Gardentasun legearen irizpideak alderdi politikoei ere ezartzea bultzatuko dut", esan du presidenteak, eta, lege aldaketak sustatuta eta gardentasuna bultzatzeko lege "aitzindaria" eginda, bere alderdiak ustelkeriari aurre egiteko neurri asko hartu dituela azpimarratu du.

Ustelkeriaren aurka lan egitearen alde egin du, baina politikari guztiekin neurri bera erabiltzea "injustizia" dela esan du.

Rosa Diezek, besteak beste, politikari guztien nominak, alderdien kontuak eta hautetsien bidegabeko aberasteak argitaratzeko eskatu du, eta gardentasun legea erregearen etxeari eta alderdiei ere ezartzeko.

Orduan iragarri du Rajoyk alderdiei ere ezarriko zaiela gardentasun legea eta eskatu dituen ekimen horietako gehienak jada martxan daudela erantzun du.

Dimisioa eskatu dio Rubalcabak Rajoyri

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren idazkari orokorrak dimisioa eskatu dio Mariano Rajoy Gobernuko presidenteari, krisi politikoari aurre egiteko "gaitasun eza" duela argudiatuta. Presidenteak, haserre, "zerbait esateko ahalmen morala" izan behar dela erantzun dio eta "PPk egindako gardentasun ariketa" bera egiteko eskatu dio.

Bestalde, Soraya Rodriguez PSOEk Kongresuan duen bozeramaileak "ahulezia" leporatu dio Gobernuari, eta "noraezean" dabilela esan du. Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordeak "irakatsirik" ez emateko erantzun dio, "koherentzia falta" dutela egotzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea