Politika -

Buesari buruzko adierazpenak

Mintegik terrorismoa goratu ote zuen ikertuko du EAEko Fiskaltzak

ETAren hilketek "jatorri politikoa" dutela esatea terrorismoa goratzea ote den aztertuko du, hain zuzen ere.

Mintegik terrorismoa goratu ote zuen ikertuko du EAEko Fiskaltzak

1:18

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Calparsoro EAEko fiskalburuak ikerketa abiatu du Laura Mintegi EH Bilduko bozeramailearen aurka, joan den astean Eusko Legebiltzarrean egindako saioan terrorismoa goratu ote zuen argitzeko, Radio Euskadik aurreratu duenez.

Saio horretan, Fernando Buesa sozialistaren hilketak "jatorri politikoa" zuela eta "elkarrizketaren bidez saihestea posible" zela esan zuen koalizio abertzalearen bozeramaileak.

Horren aurrean, Fiskaltzak saio horretako akta eskatu dio Eusko Legebiltzarrari, Mintegiren adierazpenak aztertzeko eta delitu diren zehazteko.

Calparsororen hitzetan, Mintegi forupekoa da, eta, horregatik, ikerketa EAEko Fiskaltzak egin behar du. Legebiltzarkide izango ez balitz, auzia Auzitegi Nazionalaren esku egongo litzateke.

Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak "kezka" agertu du ikerketa honen harira, eta Mintegi, legebiltzarkide den heinean, "bortxaezina" dela eta ezin dutela "inputatu" gogorarazi du.

Legebiltzarreko saioa

Joan den asteko saioan, EH Bilduk eta PPk ika-mika izan zuten, eta, ondorioz, Tejeriak atzeratu egin zuen bake eta bizikidetza lantaldearen eraketa.

Saio horretan, Arantza Quiroga PPko bozeramaileak Fernando Buesaren omenaldian "lasai asko" egon izana leporatu zion Mintegiri, eta horrek erantzun egin zion: "Ezin da esan biktima baten aldeko omenaldian lasai asko egon nintzela, biktima guztiak kausa politiko batengatik hil direlako, ez dira zirkulazio istripuan, bihotzekoak jota edo minbiziaren ondorioz hil".

Gainera, ETAren hilketak "saihestea" posible zela gaineratu zuen, "jatorri politikoa" zutelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea