Politika -

CAN auzia

Miguel Sanz, inputatu duten laugarren presidentea

Miguel Sanz baino lehenago, Jaime Ignacio del Burgo, Gabriel Urralburu eta Javier Otano inputatu zituzten.

Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohia. EFE
Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohia. EFE
Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohia. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko eta UPNko presidente ohia inputatuta deklaratu duen laugarren foru gobernuburua bihurtu da gaur, Nafarroako Kutxako (CAN) ustezko dieta irregularren auziaren baitan epailearen aurrean izan baita.

Sanz baino lehenago, Jaime Ignacio del Burgo (PP) eta Gabriel Urralburu eta Javier Otano sozialistak inputatu zituzten.

Lehen inputatua Jaime Ignacio del Burgo izan zen. Nafarroako Foru Diputazioko presidentea izan zen 1979. urtetik 1980. urtera, baina kargutik kendu zuten, FASA auziaren ondorioz.

Altsasuko enpresak langileen soldatak eta inbertsioak ordaintzeko kreditua jaso zuen Nafarroako Diputaziotik. 81 bat miloi pezeta guztira. Dirua, baina, ez zen  horretarako erabili, zorrak ordaintzeko baizik.

Garai hartan, Del Burgo enpresa horren akzioduna zen, eta ez zuen Parlamentuan horren berririk eman. Inputatu egin zuten dirua bidegabe erabiltzeagatik, baina azkenean ez zuten auzipetu.

Gabriel Urralburu 1984. urtean izendatu zuten presidente, eta zazpi urtez zuzendu zuen Foru Gobernua. 1991. urteko hauteskundeen ondorioz, oposiziora pasatu zen, eta Juan Cruz Alli (UPN) egin zen presidente.

1994. urtean, Urralburu ustez bidegabe aberastu zela jakin zen, eta uko egin zion PSNko idazkari nagusi berriz izateko barne hauteskundeetan parte hartzeari. Javier Otanori eman zion lekukoa, eta azkenean, hori era inputatu zuten.

Urralbururi lau urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta bederatzi urtez gaitasungabetu zuten, funtzionario-eroskeria eta Foru Ogasunaren aurkako delituak egotzita. Izan ere, herri lan publikoak esleitzegatik dirua jaso zuela frogatu zuten. Emaztea eta beste hainbat buruzagi sozialista ere kondenatu zituzten.

Bestalde, Javier Otano 1995. urtean izendatu zuten presidente, PSNk, CDNk eta EAk osatutako Gobernu batean, baina handik eta urtebetera dimisioa eman zuen, Suitzan dirutza atzeman baitzioten.

Hain zuzen ere, Iruñeko epaitegi batek 200 milioi pezeta atzeman zizkion, ustez Roldan auziarekin lortutakoak.

Diru hori ustez Bosch Siemens enpresak eman zien PSNko hainbat buruzagiri, Nafarroako Safel lantegia saltzeagatik.

2001. urtean, epaileak artxibatu egin zuen auzia. 2004. urtean, Lurralde Auzitegiak berriz ireki zuen, baina ustezko delituak preskribatu egin zirela ebatzi zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea