Politika -

Kontrolerako saioa

Uriartek eragileekin adostuko du Werten erreformaren aurkako erantzuna

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Garoñako zentral nuklearra ixteko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua. EFE
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua. EFE
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak iragarri duenez, hurrengo astean sektoreko eragileekin batzartzen hasiko da, Jose Ignacio Wert Ministroaren erreformaren (LOMCE) aurkako erantzun bateratua adosten saiatzeko.

Uriartek Eusko Legebiltzarrean egin ditu adierazpenok, Gobernuaren kontrolerako saioan, Jone Berriozabal legebiltzarkide jeltzaleak Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreformari buruz egindako galdera bati erantzunda.

Sailburuak LOMCEren "aurka" dagoela esan du, eskuduntzak "urratzen" dituela eta EAEko hezkuntza sistemarentzat "kaltegarria" dela argudiatuta.

Defizit helburua

Ganberan, gainera, Iñigo Urkullu lehendakariak krisiari buruzko hainbat galdera erantzun ditu.

Hori horrela, Bruselak eta Espainiako Gobernuak defizit helburua malgutuko balute, dirua zertara bideratuko duen galdegin dio Laura Mintegik (EH Bildu), eta Urkulluk gainerako erakundeekin ekonomia sustatzeko plan bat abiatzeko hartu-emanak izan dituela esan du.

Dena dela, defizita malgutu arte, orain arteko helburua (BPGren % 0,7) betetzen jarraituko duela ohartarazi du.

Arantza Quirogak (PP) galdetuta, Jaurlaritzak ez duela "duena baino gehiago" gastatuko nabarmendu du Urkulluk, eta enplegua eta zerbitzu publikoak mantenduko dituztela gaineratu du.

Gorka Maneirori (UPyD) zuzenduta, lehendakariak ukatu egin du Jaurlaritza geldirik dagoela, eta alderdiekin egindako bileran akordioak lortzeko "oinarriak" ezarri zituztela esan du.

Garoñari 'ez'

Arantza tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailburuak Garoñako (Burgos, Gasteiztik 60 kilometrora) zentral nuklearra ixteko eskatu dio Espainiako Gobernuari, "zaharkitua" baitago.

Txarli Prieto PSE-EEko legebiltzarkideak galdetuta, zentralak ez duela "inolako ekarpenik" egingo esan du Tapiak. Gainera, zentralaren inguruko herrietarako, Araban daudenetarako barne, "neurri orekatzaileak" onartzeko deia egin du.

Bestalde, Prietok "eskandalu"tzat jo du zentrala zabalik jarraitu ahal izateko atea irekita egotea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Heziberri hezkuntza plana Eusko Jaurlaritza berriak Albisteak Gaur Albisteak Hezkuntza