Politika -

Bakegintza

Urkulluk proposatutako hiru 'akordio txikiak'

"Iraganaren gaineko konpromiso etikoa" proposatu du, "etorkizunean inoiz ez gehiago, ez kausa politikorik, ez bestelako uste osorik (…) ez dadin jarri bizitzaren balioaren gainetik".

Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EiTB
Iñigo Urkullu lehendakaria.
Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EiTB

Maider Beistegi | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bakegintza eta Bizikidetza esparruan Legebiltzarreko alderdi guztien artean akordio handiak lortzea zaila izango zela adierazi zuen Jonan Fernandezek, Bakegintza eta Bizikidetzako Idazkari Nagusiak, duela aste batzuk Legebiltzarrean egin zuen agerraldian. Hori dela eta, urrats sendoagoak emateko modua Bakearen Lantaldean "akordio txikiak" erdiestea dela uste du. Hain justu, bide horri ekin nahi dio lehendakariak, Legebiltzarraren esku utzitako hiru proposamean idatzien bidez.

Indarkeria indarrean izan den aldia amaitutakoan, lanik zailena iragana kudeatzea da, Bake eta Bizikidetza Planaren proposamenak jasotzen duenez. Hori dela eta, aurrera egiteko gertatutakoaren irakurketa partekatua proposatzen du Urkulluk Legebiltzarraren esku utzitako lehen akordioak: "Etorkizuneko bakeak eta bizikidetzak biolentziaren bidegabekeriaren aitortza eskatzen dute, sortutako minaren eta biktimen duintasunaren aitortza (...) Jazotakoa –terrorismoa, indarkeria eta giza eskubideen urraketak- gertatu zen talde eta pertsonek giza duintasunaren aurrean beste helburu batzuk ezarri zituztelako, hau da, kausa batean, helburu batean, estatu-arrazoi batean, ikuspegi ideologiko baten edo bestelako sinesmen edo usteen defentsa".

Etorkizunari begira ere halakorik ez errepikatzeko konpromisoa eskatzen zaie taldeei: "Etorkizunean, inoiz ez gehiago ez, ez kausa politikorik edo arrazoi partidarioik, ez bestelako uste osorik edo ziurtasunik ez da jarriko (..) pertsonaren eta bizitzaren balioaren gainetik".

Orainaldian konfiantza lortzeko, konpromiso politikoaren proposamena egiten du bigarren testuak. Zazpi konpromiso zehatz izenpetzea proposatzen du:  ETAren indarkeria ez dela izango, besterik gabe orria pasatzea, biktimen oroimena eta ohorea ez direla bazterturik geldituko, ez dela indarkeria eta giza eskubideen urraketak justifikatuko dituen historiarik berridatziko, biktima guztien errekonozimendua bermatuko dela, presoen eta espetxe-politika auziari helduko zaiola eta indarkeriaren amaierak bakea eta bizikidetzaren normalizazioa ekarriko dituela.

Azkenik, etorkizunari begira, gizartearen eta hezkuntzaren arloko konpromisoa proposatzen du hirugarren akordioak. Lau ildo nagusi garatzea proposatzen da: kenketa, batuketa, biderketa eta zatiketa.

Oinarrizko lau hezkuntza oinarri horiek hartuta, "aurrera begira eta gure helburuak indarkeriaren prebentzioa, giza eskubideen babes unibertsala eta gizartea elkartzeko bizikidetzaren eta bakearen kultura direla kontuan izanik, gizartearen eta hezkuntzaren arloko zeharkako proiektu integrala sustatzeko konpromisoa" aipatzen da.

 

________________________________________

INFORMAZIO GEHIGARRIA

PDF: Irakurri Bake Lantaldean utzitako hiru proposamenak

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea