Politika -

Gasteiz

Argentinan frankismoa ikertzeko auzia babestu du Legebiltzarrak

EAJk, EH Bilduk eta PSEk bultzatu duten ekimenak PPren ezetza eta UPyDren abstentzioa jaso du.

Eusko Legebiltzarra. Argazkia: EiTB
Eusko Legebiltzarra. Argazkia: EiTB
Legebiltzarra bat dator frankismoaren kontrako kereila bultzatzearekin

1:12

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Argentinak frankismoko krimenen kontra abian jarritako auzia babestu du Legebiltzarrak, eta arduradunen "zigorgabetasun" egoerari aurre egitea lortzeko konpromisoa hartu du.

EAJk, EH Bilduk eta PSEk bultzatu duten ekimenak PPren ezetza eta UpyDren abstentzioa jaso du.

Justizia Unibertsalaren printzipioan oinarrituta, Frankismo garaian egindako krimenen inguruan Argentinan bideratutako ikerketari egiten dio aipamen testuak.

Onartutako adierazpenak, halaber, 1936ko altxamendu frankista eta ondoren abiatutako diktadura gaitzesten ditu.

Alderdien arteko kritikak

Carmelo Barriok (PP) eta Gorka Maneirok (UPyD) Julen Arzuagarekin izandako eztabaida baten ostean atera da aurrera idatzia.

Arzuagak frankismoko krimenen arduradunei "babesa ematea" egotzi die PPri eta UPyDri. Bi alderdi horietako legebiltzarkideek, berriz, akusazio horiek ETAren hilketak gaitzesteko gai ez direnek egitea aurpegiratu diote Arzuagari.

Alderdi Popularrak aurkeztutako zuzenketak diktadura garaiko ''indarkeria''ren ''ageriko gaitzespena'' jasotzen du, Carmelo Barrio PPko kideak azaldu duenez. Edonola ere, Trantsizioa defendatu eta EH Bilduren ''faxismoa'' salatu du.

Maribel Vaquero EAJko legebiltzaRkideak gogoratu du Amnistia Legea egon dagoen arren, Estatuak nazioarteko eskumenak eta gizateriaren kontrako krimenak preskribatu edo baliogabe geratzearen kontrako itunak sinatu dituela.

Mikel Unzalu PSE-EEko ordezkariak, bestalde, ''zigorgabetasuna'' gaitzetsi du, eta Argentinan abiatutako ikerketa ez oztopatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

Frankismoaren biktimek pozik hartu dute ekimena

Frankismoaren biktimen hainbat elkartek poza agertu dute Legebiltzarrak onartutako ekimenagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea