Politika -

Faisan auzia

'Faisan' tabernako jabeak deklaratuko du gaur, Auzitegi Nazionalean

Atxiloketa bat saihesteko Espainiako Poliziak operazio baten berri eman ote zion aztertzen ari dira, epaiketan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Elosua Irungo 'Faisan' tabernako jabeak deklaratuko du gaur Auzitegi Nazionalean, atxiloketa bat saihesteko Espainiako Poliziak ETAri operazio baten berri eman ote zion aztertzen ari diren epaiketaren bigarren saioan.

Akusazioen arabera, Jose Maria Ballesteros inspektore ohia Irungo Faisan tabernara joan zen 2006. urteko maiatzaren 4an, eta telefono bat eman zion lokalaren jabeari, Joseba Elosuari, ETAko estortsio sareko ustezko kideari. Telefonoaren beste aldean Enrique Pamies Espainiako Poliziak Euskadin zuen burua omen zegoen, eta ustez operazioaren berri eman zion. Biak auzipetuta daude.

Besteak beste, Carlos German gertatutakoa ikertu duen taldeko buruak eta Joseba Elosuaren hainbat senidek ere deklaratuko dute gaur.

Orotara, Fiskaltzak eta defentsek proposatutako ehun lekuko inguruk deklaratu behar dute epaiketan.

Bertsio kontrajarriak

Atzo, epaiketaren lehenengo saioan, bi auzipetuek deklaratu zuten, eta egotzitakoa ukatu zuten. Horien esanetan, Ballesteros ETAn informazioa ematen zioten pertsona batekin hitz egiteko joan zen Irunera.

Carlos German ere deklaratzen hasi zen, eta Poliziak Fernando Grande-Marlaska eta Laurence Levert epaileak "engainatu" zituela adierazi zuen. Halaber, polizia operazioa zapuztuz, ETAk estortsioaren bidez lortu zituen 108.000 euro berreskuratzea galarazi zutela salatu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea