Politika -

Epaiketa gaur amaituko da

'Faisan' auzia epaiaren zain geldituko da

Pamies eta Ballesteros akusatuen defentsek txostenak azalduko dituzte.  Era berean, PPren, AVTren eta Dignidad y Justiciaren akusazio partikularrek euren ondorioak azalduko dituzte.

Enrique Pamies eta Jose Maria Ballesteros Poliziako buruzagi ohiak. EFE
Enrique Pamies eta Jose Maria Ballesteros Poliziako buruzagi ohiak. EFE
'Faisan auzia' epaiaren zain geratu da

1:08

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Faisan' auziko epaiketa gaur amaituko da Enrique Pamies eta Jose Maria Ballesteros akusatuen defentsen txostenekin. Poliziako bi buruzagi ohien defentsak akusatuak errugabeak direla konbentzitzen saiatuko dira.

Era berean, Alderdi Popularraren, Terrorismoaren Biktimen Elkartearen (AVT) eta Dignidad y Justiciaren akusazio partikularrek euren ondorioak azalduko dituzte.

Guztiek hasieran eskatu zituzten espetxe-zigorrak berretsi dituzte. PPk 7 urte eta erdi eta 8 urte eta erdi bitarteko zigorra eskatu zuen, AVTk zortzi urte eta zortzi urte eta erdi, eta Dignidad y Justiciak 9 eta 10 urte.

Carlos Bautista fiskalak ondorioak azaldu eta zigorrak mantendu zituen ostegunean. Sekretuak ezagutarazteagatik Pamiesentzako urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatu zuen, eta bi urte Ballesterosentzat. Bestalde, ETArekin kolaboratzeagatik bost urteko zigorra eskatu zuen bakoitzarentzat.

Akusazio partikularren eta defentsen txostenen ostean, bi akusatuek azken hitza hartzeko aukera izango dute eta epaiketa epaiaren zain geratuko da.

Deklarazioak

Filtrazioak 108.000 euro berreskuratzea eragotzi zuela ziurtatu zuen Carlos Germanek, Faisan tabernan ETAri emandako ezkutuko informazioa ikertu zuen polizia-komisarioak. ETAko estortsio taldearen aurkako operazioa zapuztu zuela erantsi zuen; izan ere, atxilotuei ez zieten "ezer atzeman".

ETAren kontrako polizia operazioa geldiarazteko "agindu politikoa" jaso ez, eta halakorik "inoiz onartuko" ez lukeela adierazi zuen Enrique Pamies Espainiako Poliziak EAEn zuen buruak.

Bestalde, Joseba Elosua Faisan tabernako jabeak eta ETAko estortsio taldeko kideak aitortu zuenez, ezagutzen zuen ETAko kide bat atxilotu behar zutela ohartarazi zion pertsona batek telefonoz 2006an. Deiak "erabat lelotuta" utzi zuela gaineratu zuen. Polizia batek deitu zuela uste du Elosuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea